Gizartea

runAriketa fisikoa egiteko ohitura kutsatu egiten al da?

Inguruan lasterka egiten duen lagunen bat baduzu, hasi zapatilak prestatzen: baliteke zu ere aurki hastea korrika egiten. Izan ere, ariketa fisikoa egiteko ohiturak kutsakorrak dira. Hala uste du, bederen, Cambridgeko (AEB) Massachusetts Institute of Techology unibertsitateko ikertzaile talde batek. Mundu osoko milioi bat korrikalari baino gehiagoren datuak aztertu dituzte ikertzaileek. Zehazki, korrikalari horiek beren jarduera neurtzeko eta jasotzeko baliatzen duten sare sozial bateko datuak. Ondorioa, esandakoa: jarduera fisikoaren ereduak ezagunen artean kutsatzen dira. Zenbait xehetasun aipatu dituzte ikertzaileek. Esaterako, gizonezkoek eragin handia izaten dutela ingurukoengan, baina soilik gizonezkoen artean. Emakume kirolariek, aldiz, batzuengan zein besteengan eragiten dute. Era berean, hain aktiboak ez direnek gehiago eragiten dute aktiboagoak direnengan, alderantziz baino. Ikertzaileen ustez, ariketa fisikoa kutsatzeko aukera horiek osasunari loturiko beste zenbait ohituretan ere gerta litezke. Ondorioz, jendearen ohiturak aldatu nahi izanez gero, aintzat hartu beharrekoak ei dira. Alabaina... eta txikiteoa edota antzeko ohitura ez hain osasungarriekin gauza bera gertatzen bada, zer?