Klima

lainoakHodei mota berriak izendatu dituzte

Izana bazuten, eta orain izena ere bai. Munduko Meteorologia Erakundeak, Nazio Batuen Erakundearen baitakoak, hamabi hodei mota berri izendatu ditu. Ezagunak ziren lehendik, baina orain sailkatu egin dituzte. Denak ageri dira Hodeien Nazioarteko Atlasean, Munduko Meteorologia Erakundeak martxoaren amaieran argitaratutako liburuan. Hodeien behaketari dagokionez, nazioarteko erreferente da atlasa, zeina 1987tik orraztu gabe zuten. Hau da, 30 urtean lehenengoz gehitu dizkiote izen berriak. Generoak, espezieak, azpiespezieak... hainbat maila eta azpimaila bereizten dira hodeiak sailkatzean, animaliekin eta landareekin bezala. 2017ko atlasean, hodei bereziak erantsi dituzte, baita espezie bat ere, Volutus delakoa. Hodeiak sailkatzeko irizpide berriak ere barneratu dituzte. Zahar zein berri, atlasean ezagut daitezke guztiak. Haiei buruzko informazio eta irudi ugari biltzen ditu, hodeien deskribapen zehatzena lortze aldera. Egun, Interneten kontsulta daitezke guztiak, lehen aldiz sarean paratu baitute Hodeien Nazioarteko Atlasa. www.wmocloudatlas.org/ gunean, hain zuzen.