Tradizioa

maskaradaZuberoako Maskaradak ikusgai izango dira Aiztondo bailaran


Maiatzeko lehen asteburuan, Zuberoako Maskaradak bertatik bertara ezagutu ahal izango dira Gipuzkoako Aiztondo bailarako bost herritan. Zehazki, Asteasun, Alkizan, Adunan, Zizurkilen eta Larraulen. Duela urtebete hasi ziren lanean bost herri horiek, maskaradak bertan ikusteko asmoarekin. Izan ere, maskaraden inauteri ereduaren hainbat ezaugarri bereziki erakargarriak egiten zaizkie: parte hartzailea eta gazteek antolatua izatea, euskara baliatzea, belaunaldiz belaunaldi transmititzea... Horiek horrela, bi eguneko egitaraua antolatu dute. Maiatzaren 6an, arratsaldez, ongietorri instituzionala egingo diete maskarada arizaleei, eta ondoren zintzur bustitzea egingo dute herriko kaleetan. Egunari amaiera emateko, afaria egingo dute Usarrabi frontoian. Maiatzaren 7an ikusi ahal izango dira maskarada jokoak. Goiz eta eguerdi partean, barrikadak izango dira Asteasun, Alkizan, Adunan eta Zizurkilen. Eguerdian, berriz, bazkaria egingo dute Larraulgo pilotalekuan, eta arratsaldean maskarada jokoak Larraulgo plazan. Urtebeteko lanaren ondoren, Aiztondoko biztanleek gogoz hartuko dute maskarada. Gogoz, eta ongi prestatuta: azken urtean, hainbat ekimen egin dituzte maskaradak hobeto ezagutzeko. Adibidez, Zuberoako dantzarien eskutik, sei dantza saio bailarako herrietan; bailarako eskolek gaia landu dute beren eskola festetan; Xiberoko Boza irratiak propio prestaturiko irratsaioa ipini zuten herrietako balkoietan iragan apirilaren 30ean; herrietako eta eskoletako webguneetan ere informazioa ipini dute... Orain, ikasitakoa ikustea eta guztiaz gozatzea falta zaie. Maiatzaren 6an eta 7an egin ahal izango dute hori, bai Aiztondokoek, bai maskaraden gaineko interesa duen orok ere.