Zientzia

ostraEstuarioetako zilar kontzentrazioa neurtzeko egokiak dira ostrak


Gauza jakina da giza jarduerak sekulako kutsadura eragiten duela ingurumenean. Besteak beste, estuarioetan. Leku askotan ekosistema horiek leheneratzen ari diren arren, oraindik ere kutsatzaile asko agertzen dira uretan zein sedimentuetan. Metalak, adibidez. Bada, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko eta Plentziako Itsas Estazioko ikertzaile batzuek horixe aztertu berri dute: Ibaizabal, Oka eta Girondako (Frantzia) estuarioetako zilar eta kobre kontzentrazioak eta haien eragina. Metal horiei erreparatu diete bereziki toxikoak eta ugariak direlako. Azterketa egiteko, ostrak eta muskuiluak erabili dituzte. Izan ere, izaki iragazleak direnez, eta ezin direnez mugitu, kutsadura jasaten dute, eta metatu ere egiten dute. Horrexegatik, askotan erabiltzen dira metal kontzentrazioak neurtzeko. EHUko ikertzaileek ikusi dutenez, ostrak bereziki baliagarriak dira, muskuiluek baino metal kontzentrazio handiagoak pilatzen dituztelako. Ondorioz, estuarioen ingurumen egoera jakiteko oso egokiak izan daitezke. Ikerketaren egile Ane Rementeriaren hitzetan, emaitzek bidea irekitzen dute “Euskal Herrian ostrak gehiago erabil daitezen” estuarioen ingurumen egoera aztertzeko. Izan ere, Frantzian batez ere muskuiluak eta ostrak erabiltzen dira ikerketarako; “hemen, ordea, muskuiluak baliatzen dira gehien”. Bestelako emaitzak ere eman ditu ikerketak. Hala, batetik, ikusi dute Girondako animaliek Euskal Herriko estuarioetakoek baino metal kontzentrazio handiagoa dutela, eta, bestetik, zilarraren eta kobrearen konbinazioak toxikotasun handiagoa eragiten duela. Areagotze efektua duela, alegia. Nolanahi ere, gaian sakontzen jarraitzeko beharra nabarmendu du Rementeriak.