Ikastolak

herriMaiatzaren 14an izango da Herri Urrats


Udaberriarekin batera, hastear dira ikastolen aldeko urteroko jai nagusiak. Lehen hitzordua maiatzaren 14an izango da, Senperen. Bertan ospatuko da 34. Herri Urrats, Iparraldeko ikastolen aldeko jai erraldoia, Seaskak antolatua.  Aurtengoan, iaz bezala, bildutako dirua Baionako Bernat Etxepare lizeoa eraikitzen laguntzeko baliatuko da. Hala, Senperera hurbiltzeko deia zabaldu du Seaskak, (H)aizu! leloaren bitartez. Adiera ezberdinekin jokatuta, deia eta aldarrikapena batu ditu aurtengo goiburuak. Lehenik, lizeoko ikasleen aspaldiko borrokarekin bat egin du: baxoa euskaraz egitea. Baxoa euskaraz egitea haizu izan dadin, bere egin du aldarria Herri Urratsek. Era berean, euskararen ofizialtasuna aldarrikatu nahi izan dute, euskaraz bizitzea ere haizu izateko. Lege batek helburu hori erraztuko lukeenez, “hemengo hautetsiei Aizu! erran nahi diegu, era berean, ez daitezen Parisen zain egon. Mugi daitezen, alegia, Euskal Elkargoak dituen eskumenetan anitz egin baitezake euskararen alde, borondatea politikoa izanez gero”. Deia, baina, euskal herritar guztiei zabaldu diete, Seaskaren aldarrikapenak sostenga eta lagun ditzaten. Beraz, ez ahaztu hitzordua, aizue!