Mundua

siriaII. Mundu Gerraren amaieratik, inoizko urterik gatazkatsuena izan zen iazkoa

2013an, 414 gatazka izan ziren munduan. Horietako 45, gainera, oso bortitzak izan ziren; eta 20, gerrak. Hala dio, bederen, 2013ko Gatazken Barometroak, Nazioarteko Gatazken Ikerketarako Heidelbergeko Institutuak (HIIK, Heidelberger Institut Für Internationale Konflikforschung) eginiko txostenak. HIIK-k urtero aztertu ohi ditu nazioarteko gatazkak eta, antza denez, iazkoa ez zen batere ona izan: II. Mundu Gerratik, ez zuten hainbeste gatazka zenbatu. Hala, txostenaren egileek kezka agertu dute “azken urteotan gatazken kopuruak etengabe egin duelako gora”. Ekialde Hurbilean, Magreben eta Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetan sortu ziren gehienak. Orotara, 17 gatazka. Europan, aldiz, ez dute bat bera ere zenbatu. Hori bai, Grezian krisi ekonomikoaren eta, batez ere, murrizketa basatien ondorioz sorturiko istiluak aintzat hartu dituzte. Bestalde, lehendik ere munduan  zeuden gatazkak kontuan hartu dituzte, hala nola, Siriako gerra edota Irak, Afganistan eta Yemeneko gatazkak. Amerikari dagokionez, herrialde bakarrari erreparatu diote: Mexikori, narkotrafikoa dela-eta indarkeriak izandako igoeragatik. Baikortasunerako daturen bat aipatzearren (gai honetan baikortasuna aipatzeak inolako zentzurik izanez gero, behintzat), herrialdeen arteko gatazkei egin behar zaie so. HIIK-ren arabera, iaz, 2010. urtetik lehen aldiz, ez zen indarkeria handiko gatazkarik izan herrialdeen artean. Halere, horrek ez du esan nahi bat-batean munduko herrialde guztiak adiskidantza baketsuan bizi direnik. Izan ere, herrialdeen arteko 11 krisi armatu zenbatu zituzten.