Txina

txinaKomuneko papera nahi duenak, eman dezala aurpegia!

Jendeak komun publikoetako komuneko papera xahutu edota lapurtu ez dezan, irtenbide teknologikoa topatu dute Pekingo Zeruko Tenpluaren parkean: aurpegiaren ezaugarriak aintzat hartuta, erabiltzaileak ezagutzen dituzten gailuak ipintzea. Papera eskaini aurretik, makinak argazkia ateratzen dio parkeko komuneko erabiltzaileari, eta behin argazkia eginda, 60 eta 70 cm bitarteko paper zatia ematen dio. Gehiago nahi izanez gero, gutxienez 9 minutu itxaron beharko ditu pertsona horrek. Jakina, premia handiagoa dutenek edo komuneko paper gehiago behar dutenek ez dute zertan zain egon. Halakoetan, parkeko langileek ematen diete paper gehiago. Oraingoz, sei makina ipini dituzte parkean, eta sei hilabetez probatuko dituzte. Nolanahi ere, badirudi arrakasta izaten ari direla: komuneko paper xahutzea eta lapurretak gutxitu egin dira eta, ondorioz, komuneko paperean izaten duten gastua % 20 murriztu dute. Emaitzak emaitza, neurriak kontrako iritziak sortu ditu: batzuk alde, besteak kontra. Hori bai, bisitarien artean arrakasta izan ei du, turista ugari erakartzen baitituzte gailu berriek.