Euskaraz praktikatu eta lagunak egin nahi?

albisteakAEKren Praktikatu Zerbitzuak dagoeneko zabaldu du udan euskaraz jarduteko matrikulazio garaia: berbalagun taldeetan izena emateko epea ekainaren 15ean amaituko da, eta bai praktikatu.eus gunean, bai AEKren euskaltegietan egin daiteke.
Mintzapraktika taldeak aukera paregabea dira ikasturte osoan landutakoa sendotzeko. Hortaz, euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dituztenentzat mintzapraktika taldeak antolatzen ditu Praktikatu Zerbitzuak. Talde bakoitzean, bost edo sei lagun elkartzen dira, horrela giro atsegin, hurbil eta parte-hartzailea ziurtatuta. Talde bakoitza astean behin biltzen da, eta gutxienez ordubetez aritzen da euskaraz.
Taldeak nahierara antolatzen dira. Ordutegia, adina, herria edo auzoa edota zaletasunak hartzen dira kontuan. Helburua da, azken batean, lagun giroan kafetxoa hartzea, paseatzea... edo, besterik gabe, elkartu eta euskaraz bizitzea. Horrez gain, hainbat ekintza antolatzen dira euskara praktikatzeko: mendi irteerak, bisitaldiak museoetara, dantzak, ikastaroak, dastaketak...
AEKren Praktikatu Zerbitzuak eskainitako datuen arabera, gaur egun ia 2.300 berbalagun biltzen dira, 370 taldetan banatuta, Euskal Herriko 60 herritan: Abadiñon, Abanto-Zierbenan, Agurainen, Aiaran, Altsasun, Amurrion, Andoainen, Areatzan, Artean, Asparrenan, Astigarragan, Azkoitian, Bakion, Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Bermeon, Berrizen, Bilbon, Dulantzin, Durangon, Elorrion, Ermuan, Etxarri-Aranatzen, Galdakaon, Galdamesen, Gatikan, Gernikan, Getarian, Gueñesen, Hernanin, Irurtzunen, Iurretan, Karrantzan, Laudion, Lekunberrin, Lemoan, Mallabian, Markinan, Mungian, Muskizen, Ondarroan, Orion, Ortuellan, Portugaleten, Santurtzin, Sestaon, Sodupen, Sopuertan, Trapagaranen, Ultzaman, Urduñan, Urnietan, Usurbilen, Zaldibarren, Zallan, Zarautzen eta Zumaian. Guzti-guztietan, Praktikatu eta Bizi lelopean.