Nire mailako mutil txirrindulari bat horretatik bizi da; nik ezin dut

santestebanAne Santesteban, txirrindularia
Garaipen gutxi izanagatik, nazioarteko tropelean lehiatzen den euskal txirrindularirik nabarmenetakoa da Ane Santesteban (Errenteria, 1990); besteak beste, Rioko Olinpiar Jokoetan lehiatu zen iaz. Ale Cipollini talde italiarrean ari da 2014tik; aurretik, Debabarrena-Kirolgin eta Bizkaia-Durango taldeetan ibili zen. Berriki, argitu ez den gertakari batean, errepidean konorterik gabe topatu zuten, eta ospitalean egon berri da. Guztiz osatzeko uste baino denbora gehiago behar izan du, eta “oso gogorra” egin zaio. Ondorioz, egutegia aldatu behar izan du; orain, Emakumeen Bira du jomugan.

Bizikletatik bizi ahal izateko, kanpora joan behar da nahitaez?
Nik ikusi dudanaren arabera, bai. Adibidez, Bizkaian bi urte egin nituen, eta Debabarrenan beste hiru; lizentzia profesionala zen, baina soldata ikusita ez ginen profesionalak. Orain uste dut pixka bat hobeto dabiltzala, baina, halere, alde horretatik ez dira profesionalak. Oraindik lanean jarraitu behar da hori lortu ahal izateko.
Iaz: “Riora joan ezean, txirrindularitza utziko nuen”. Utziko zenukeen?
Bai. Diru-laguntzak eskatu nituen, eta Rion egotea zen BAT BasqueTeam-en laguntza jasotzeko baldintza. Ni profesionala naiz eta soldata dut, baina gurasoen etxean bizi naiz, eta hasten zara ikusten beste pauso batzuk eman behar dituzula bizitzan, horrekin ez baita nahikoa. Hortaz, behar nuen diru-laguntza hori. Argi neukan: Riora joaten ez banintzen, utzi egin beharko nuen.
Hain tamalgarria da emakumezkoen txirrindularitzaren egoera?
Bai. Oso gogorra da. Mutilekin alderatuta, ikusten duzu nire mailako mutil bat profesionala dela eta horretatik bizi dela; nik ezin dut. Gurasoekin bizi naiz, askotan haien laguntza behar izan dut. Hori oso gogorra da.
Nahiko ezkorra omen zara. Zure burua duzu areriorik zailena?
Bai. Istripua izan nuenetik, laguntza handia jaso dut, bizikletan ezin nuen entrenatu, baina alde psikologiko hori asko landu dugu. Oraindik horretan segitzen dut eta, egia esan, nahiko ongi eraman dut.
Egoskorra ere bazara. Errepidean, bertutea da?
Dudarik gabe. Nire buruari helburu bat jartzen diodanean, dena ematen dut bete dadin. Buruan zerbait sartzen zaidanean... Bizitzan ere halakoa naiz.
Bira lasterketa kutuna duzu. Tropela.eus guneko porran aukeratuko al zaitugu?
Espero dut baietz. Dena den, oraindik bizpahiru aste behar ditut entrenatzeko, baina gero, nahi baduzu, deitu eta esango dizut, kar-kar! Azkeneko etapa nire herrian da, eta sekulako motibazioa da hori.
Euskaldunok oso zale onak omen gara. Emakumeen txirrindularitzari begira, bagara horren onak?
Ez. Adibidez, orain dela bi urte, Gipuzkoako herri batean izan zen Emakumeen Biraren azken etapa. Justu astebete lehenago, amateur mailako lasterketa izan zen herri berean, eta askoz jende gehiago bildu zen mutilen lasterketan neskek egindakoan baino. Azken batean, munduko txirrindulari onenak ginen Biran, baina oso jende gutxi zegoen. Iaz ere, Biran, jendea falta zen. Ez dakit zer den, zeren uste baitut txirrindularitza berdina dela... Zaleen berotasuna pila bat sumatzen da lasterketan, eta faltan sumatu izan dut.
Eñaut Mitxelena