Eredu energetikoa aldatzen

Azken urteotan, ingurumena, berriztagarria, burujabetza... kontzeptuak bolo-bolo dabiltza energia kontuak aipatzen diren edozein forotan. Aspaldikoa da darabiltzagun energia iturriak agortu egingo direlako ustea, eta kontsumoaren gorakadak momentu hori gero eta hurbilago dugula ziurtatzen digu. Ia mundu guztiak aitortzen du egungo energia eredua ez dela jasangarria, baina denek ez diote arreta bera eskaintzen arazoari. Batzuek klima aldaketa ere ukatzen jarraitzen dute; gero eta gehiago dira, ordea, irtenbide bila hasita dauden norbanako eta erakundeak. Izan ere, energia sortzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta kontsumitzeko moduak ez dira ez aldaezinak, ez zurrunak. Horren adibide dira hurrengo orriotako hiru testigantzak: guztiek azpimarratzen dute jarrera eta eredu aldaketa, egungo sistema goitik behera iraultzea, alegia. Posible ote da? Eta, baldin bada, oso urrun al dago hori lortuko den eguna? Eñaut Mitxelena, M. Egimendi, Estitxu Ugarte.

testi1“Eredu energetikoak plangintza demokratiko baten ondorio izan beharko luke”

Energiaren sektorean aditua da Xabier Zubialde Legarreta ingeniaria (Toronto, Kanada, 1974). Ingurumenaren babeserako Sustrai Erakuntza fundazioko kide, energia burujabetza sakon landu izan du; azkenekoz, Hacia la soberanía energética. Crisis y soluciones desde Euskal Herria (Txalaparta) saiakeran.

Energia burujabetza ongi azaltzen saiatzen da Zubialde, beste zenbait kontzepturekin nahasi ohi delako. “Burujabetza energetikoa ez da independentzia energetikoa edo autohornidura. Burujabetza energetikoaren kontzeptuak eztabaida sortzen du, hainbat kontu barneratzen dituelako: eredu energetikoa; baliabideen kontrola; pertsonen eta inguruaren gaineko ondorioak; erabakitzeko ahalmena nork izan behar duen (erakunde publikoek)...”. Hala, “eredu energetikoak plangintza demokratiko baten ondorio izan beharko luke”. Ondorioz, “jendarte ereduaz ere hitz egin behar da”. Izan ere, “burujabetza energetikorako bidea alternatibak eraikitzeko bide bat da, alegia, alternatiba energetiko, ekonomiko eta politikoak eraikitzekoa”.
Energiaren kudeaketa ereduak guztiz baldintzatzen du egungo bizimodua. Hala, 2008tik bizi dugun krisi ekonomikoan krisi energetikoak eragin handia izan duela dio Zubialdek. Aurrerantzean ere krisi gehiago gertatuko direla aurreikusten du, petrolioaren eta beste zenbait energia iturriren prezioan gorabeherak tarteko. “2008tik bizi dugun egoera hau, ‘krisi ekonomikoa’, geratzeko etorri da. Horrek esan nahi du jendarte eredua beste modu batean antolatu behar dela. 2008tik, goitik beherantz eta eskuinetik ezkerrerantz antolatzen saiatu dira. Kontua da nola antola dezakegun beste modu batera, behetik gorantz eta ezkerretik eskuinerantz”.
Egiturazko aldaketaren beharra ikusten du, egungo kontsumo eredua eutsiezina delako. “Krisi energetikoaren ondorioz, krisi ekonomiko gehiago sortuko dira, eta herrialde guztietako kontsumoa murriztu egingo da. Horretarako prestatu beharko genuke. Kontua da nola antolatu jendartea kontsumo askoz txikiagoarekin eta modu orekatuagoan”. Bere ustez, energia burujabetza lortzeko gakoa da energia garbi, deszentralizatu, berriztagarri eta eragin txikikoak garatu eta demokratikoki baliatzea. “Demokratikoa ez den jendarte batean, eredu demokratiko bat izatea oso zaila da. Egungo eredu energetikoa, energia industrien oligopolioa, esaterako, jendartearen isla besterik ez da”.
Euskal Herria egungo ereduaren ispilu da: “Darabilgun energiaren “% 90 kanpoan sortzen da, eta gehiena lau esku pribaturen mende dago. Guztion artean 9.000 milioi euro baino gehiago ordaintzen ditugu energia hori baliatzeagatik. Halako baldintzekin, halako menpekotasunarekin... zer gertatuko da petrolioaren prezioa bat-batean igotzen denean, 2005-2008 urteen artean gertatu zen bezala? Laster gertatuko da, gainera. Orduan, zer esango dugu, beste krisi ekonomiko bat iritsi dela eta krisitik ateratzeko kontsumoa gehiago bultzatu behar dela?”.
Planeta kolapsora eramango luke joera horrek, Zubialderen aburuz. Horrexegatik egiten du energia burujabetzaren alde, betiere egungo joerak irauliz. “Maila orokorrean erraza da: energiaren burbuila hustu egin behar da, energiaren espekulazioa hustu. Adibidez, herrialde batean sortzen den argindarra mugatuta. Hau da, sistema orekatuagoa izateko, ez genuke sortu behar erabiltzen duguna baino gehiago”. Nolanahi ere, energia “negozio pribatu” bihurtu den garaiotan, ikuspunturik zailena “maila pertsonala” da. “Hots, ispiluari begiratzea eta konturatzea gure egungo bizimodu eredua bukatuta dagoela, edo laster bukatuko dela”. Horretan, ekiteko moduak badira. Adibide esanguratsua eman ohi du: “Energia gehiago aurrezten da tomate baten ekoizpena eta kontsumoa aldatuta, bonbilla arrunt bat kontsumo baxuko beste batengatik aldatuta baino”. Alegia, garaian garaikoa eta tokian tokikoa kontsumitzea, esaterako, askoz eraginkorragoa da, ekoizpenean eta garraioan askoz gutxiago xahutzen delako. “Tomatearen adibideak esaten digu egunero hartzen ditugula erabaki asko. Ez gara konturatzen, baina uneoro erabakitzen ari gara zer-nolako jendarte eredua nahi dugun... Tomateak zera esaten digu modu sinple samarrean: ‘Aizu! Ez zara konturatzen engainatu zaituztela. Burujabetza nahi duzu? Bada, orduan, begiratu zer, non eta nori erosten ari zaren’”.
Finean, aldaketa behar da. “Jokoan dauden indarrak ez aldatzeak desoreka sozialak ekarriko dizkigu. Jaia bukatu da”. Halere, aukerak ikusten ditu: “Aprobetxatu ahal dira baldintza berri hauek alternatiba pertsonalak sortzeko, baita alternatiba politikoak garatzeko ere. Aldaketa haizeak datoz”. Zaila dirudien arren, aldaketa ez du utopiatzat: “Agian, burujabetza energetikoa ez da egun zehatz batean lor daitekeen helmuga bat; beharbada, izan daiteke herri batek izan beharreko bidea etorkizuna garatzeko”.

goiener

“Ez zaie interesatzen jendeak subiranotasun energetikoa lortzea”

Ane Garavilla (Bilbo, 1984) ingeniaria GoiEner kooperatibako langilea da. Iturri berriztagarrietatik datorren energia kontsumitzen dute bazkideek, eredu energetikoa aldatzea helburu.


Berez, kontsumitzeaz gain, energia berriztagarrien sorkuntzan aritzeko ere osatu zen GoiEner 2012-2013 artean, baina kontsumoaren arloan baino ez da aritu izan orain arte. Izan ere, kooperatibaren eratze garaian erabaki zuen Espainiako Gobernuak lau urte lehenago onartutako laguntzak, energia berriztagarriak bultzatzeko, bertan behera uztea, beraz, “gauzak argitu arte kontsumoan bakarrik aritzea erabaki zen”. Haatik, kooperatibak aurten energia sortzen hasteko asmoa du. Teknologiak aztertzean ikusi dute zentral hidroelektriko piloa desagertzen ari dela Euskal Herrian, hainbat arrazoi dela medio: “Zentrala zaintzen zuenak erretiroa hartzea; jabeak ezin jarraitzea mantentzen; zentrala zerbaitegatik geldituz gero, inbertsiorik ez egitea berriro martxan jartzeko... baina instalazioak hor daude, erabiltzeko moduan. Batzuen jabeak udalak dira, baina ez dakite kudeatzen. Hasieran, EEEk lagundu zien, baina iaz utzi egin zion lan horri, eta orain guri deitu digute. Horrelako zentraletan parte hartzen hasiko gara, ziurrenik”.
 Energia sortzea, berez, “oso erraza da, teknologia badago”. Borondate politiko kontua dela uste dute: “Oztopoak jartzen ari dira, ez zaielako interesatzen jendeak subiranotasun energetikoa lortzea. Politikoak eta enpresa handiak itxaroten ari dira, sistema nola antolatu erabaki arte. Iberdrolak, esaterako, enpresa bat sortu du eguzki panelak jartzeko, etorkizunean berak saltzeko orain nahi ez dituen instalazioak! Enpresa erraldoiei kostatu egiten zaie mugitzea, ez dute malgutasunik eta denbora behar dute. Espero dut oztopoak horregatik izatea, itxaroten ari direlako haiek prest egon arte”.
Izan ere, subiranotasun energetikoak sistema aldaketa izugarria eragingo luke: “Orain, sorkuntza instalazioak zentralizatuta daude, oso handiak dira. Halere, bakoitzak bere etxean eguzki plakak jarriko balitu, edo eoliko txikiak, edo biomasa galdara bat, argindar gutxiago beharko luke”. Egun, Espainian, behar baino energia gehiago sor daiteke: “Zentral piloa itxita dago, bat-batean energia eskaera handia sortzean (hotz edo bero handia, kasu) martxan jartzeko, baina bitarteko mantentze-lana oso garestia da”.
GoiEnerrek 6.000tik gora bazkide eta 7.000 kontratu baino gehiago ditu: “Ez dagoenez instalazioak aldatu beharrik, edozein kontratu mota egin dezakegu, edonon”. Bazkideei bideratzeko energia Madrilen erosten dute: “Egiaztatzen da energia berriztagarria dela % 100ean, eta gure eredu energetikoarekin ados dauden enpresetatik datorrela”.
Enpresa handiak utzi eta GoiEnerren modukoetara jotzen duena “eredua aldatu nahi duen jendea da, batez ere. Bestalde, kooperatiba izateak ere erakartzen ditu bazkideak, erabakiak guztion artean hartzen direlako”. Gainera, bazkideak kontsumitzaileak ere badirenez, ez dago iruzur arriskurik energiaren prezioan: “Benetako kostua kobratzen da, inolako gainordainik gabe, azkenean geu garelako kontsumitzaileak”. Tokikoak eta gertukoak izatea ere garrantzitsua da bezero askorentzat, “bulegoak irekitzen ari gara, aurrez aurre hitz egin ahal izatea garrantzitsua baita. Badaude enpresa handien aurka jo nahi dutenak ere. Horientzat babesa da GoiEner bezalako alternatiba bat gertu edukitzea”.
Garavillaren esanetan, “erraza” da enpresa handietan baja ematea, “geuk egiten dugu gestio osoa”. Merkaturatze enpresen artean, GoiEnerrera jotzen duenak bazkidetza (100 euroko ekarpena) eta kontratua egin behar ditu: “GoiEnerrek lehengo kontagailuaren kontsumo datuak erabiltzen ditu faktura bidaltzeko. Enpresa banatzailea behartuta dago datu horiek ematera. Ondo funtzionatzen du, ohituta daude eurak ez diren beste merkaturatze enpresa batzuekin jardutera”. Halere, beldurra da, Garavillaren ustez, energia berriztagarrien kontsumoa arinago ez zabaltzeko arrazoia: “Asko kostatzen zaio jendeari pausoa ematea, informazio faltagatik”. Saiatzen ari dira hitzaldiak ematen eta gauzak ondo azaltzen: “Norberak erabaki dezala nondik jaso nahi duen zerbitzua, baina ondo informatu ostean”.

testi3

"Ur garbia hartzen dugu, eta garbi itzuli nahi dugu"

Arabako Mendi Haran Ur Partzuergoak energiaren jatorri berriztagarria ziurtatzen duen EmasP kooperatiba nafarrarekin hornitzeko erabakia hartu du. Orain arte, Iberdrolarekin zuen kontratua. Hil honetan jasoko du lehen faktura. Josepe Martioda Partzuergoko lehendakariak azaldu duenez, "ur garbia ateratzen dugu ingurutik eta garbi itzuli nahi dugu; uraren kudeaketa integral garbia bermatzea izan da gure lehen helburua".

Arabako ur partzuergo handienak Errioxakoa eta Kantaurikoa dira, eta Mendi Haran txikienetakoa da; orotara, 19 kontzeju biltzen dituzte, Añana Kuadrillan, Erriberabeitian, Erriberagoitian eta Gaubean, hain zuen. Tartean herri handiena Rivabellosa da (1.300 biztanle), eta 2.300 biztanle ingururi ematen diete edateko ura.
Sei zundaketa eta edateko ur sareen bitartez hornitzen ditu herri horiek guztiak Partzuergoak, eta orain arte Iberdrolarekin zuen kontratatuta zundaketa sistemaren funtzionamendurako beharrezko energia elektrikoa. Aldaketa egiteko orduan, inguruarekiko errespetua bermatzea lehenetsi dute, "baita aurreztea ere", aitortu du Martiodak.
Partzuergoak beste eredu energetiko baten aldeko urratsak egiteko beharra ikusi du, horregatik duela hilabete batzuk enkantean atera zuen zundaketa sistemaren hornidura elektrikoa. Martiodak azaldu duenez, lehiaketaren pleguetan, soilik jatorri berriztagarria ziurtatzen duten enpresa komertzializatzaileak kontratatzea izan da baldintzetako bat, baita kontsumo energetikoa eta Partzuergoak ordaintzen duen prezioa merkatzea ere. "Energia eredu aldaketa, energia berriztagarrien aldeko apustua eta pertsonen eta gizartearen osasuna lehenetsi dira gauza guztien gainetik. Gainera, kontuan hartu dugu gure urteko aurrekontuaren heren bat inguru, 50.000 bat euro, sare elektrikoa ordaintzeko erabiltzen dugula; orain, % 6 edo % 10 merkeagoa izango da".
Izan ere, uraren prezioa kezka eta ika-mika iturri nagusi da Arabako herri askotan, eta ura lortzeko energia ordaindu egin behar da. "Arabako herrietara ur ona iristen da, kalitatezko ura, eta munduko merkeena da. Bizilagunek pentsatzen dute jainkozko eskubidea' dutela ur merkea jasotzeko, eta horrekin jokatzea latza da".
Hornitzaile aldaketa egiteko tramitazio burokratikoa zail samarra izan da, are gehiago administrazio txikia izanik: "Arabako Aldundiak, duela urte asko, herrien arteko ur partzuergoak osatzea bultzatu zuen, baina egun erabat baztertuta gaude". Hortaz, Mendi Harango lehendakariari egokitu zaio energia garbia kontsumitzeko zer urrats egin behar zituzten argitzea, eta prozesu "korapilatsua" martxan jartzea. "Energiaren kudeaketari buruz asko ikasi dut" dio Martiodak ironiko.
Administrazio publikoa izanik eta 20.000 eurotik gorako aurrekontua zuenez, lehiaketa publikoa antolatu behar zuen Mendi Haran Partzuergoak energiaren horniketaren kontratua egiteko. Hiru kooperatiba gonbidatu zituen zuzenean lehiaketara: Kataluniako Som Energia eta Euskal Herriko GoiEner eta EmasP.
EmasP kooperatiba nafarrari egokitu zaio azkenean esleipena, eta urtean batez beste 273.786 kilowatt orduko kontratatu du Añanan ur hornikuntza egin ahal izateko. Partzuergoko lehendakariak azaldu du Mendi Haranek, akordioari esker, 82.136 kilo CO2 eta 131,4 gramo hondakin erradioaktibo isurtzea ekidingo duela aurrerantzean. "70 urteko 1.184 pagoren erreketa saihestuko dugu, eta, gainera, % 6 inguru aurreztuko dugu".
Izan ere, argindarraren fakturaren kontzeptuen artean, Espainiako zentral termikoak finantzatzeko bideratzen den partida finko bat dago, % 5 ingurukoa, eta baliteke kontzeptu hori ordaindu behar ez izatea, Partzuergoko lehendakariaren arabera: "Hori aztertzen ari gara une honetan".
Nafarroako EmasP energia kooperatibak indar garbia eta merkea eskaintzen dio Mendi Harani. Enkanteetan erosten dute energia ahalik eta merkeen, eta sor litezkeen irabaziak gizarte proiektuetan erabiltzen dituzte. "Irabaziak gizartearentzat edo pertsonentzat dira; hiru edo lau hilero, zure etekina kontsultatu eta zertan inbertitu nahi duzun aukera dezakezu, edo berriz Partzuergoan inbertitzea erabaki. Gu, momentuz, ez gara kooperatibako bazkide, bezero besterik ez gara, energia erosten diegu; beraz, ezin dugu aukera hori baliatu".
Apirilean sinatu zuten hitzarmena EmasPekin, eta maiatzean jasoko dute lehen faktura. Aldaketaren emaitza ekonomikoak baloratzeko urtebeteko epea behar izango dute, baina ziur daude aurreztuko dutela. "Kooperatibaren sekretua da jakitea zein diren bezeroen edo bazkideen ohiturak, orduro zer kontsumo behar duten jakitea, gure ohiturak aztertzea eta horren arabera merkatuan energia erostea".