Zaintzen duzu zure pribatutasuna teknologia berriak erabiltzean?

ikamika

Gaur egun, ia denok baliatzen dugu gailu teknologikoren bat, edo gehiago. Gero eta gehiago, gainera: sare sozialetan ibiltzeko, erosketak egiteko, banku zerbitzuetarako, aisialdirako... Askotan, baina, gutxi erreparatzen zaio erabiltzailearen pribatutasunari. Teknologiak erabiltzean, etengabeko arrastoa uzten dugu sarean, eta datu horiek oso baliotsuak dira, guri buruzko informazio zehatza eskaintzen baitute: goxoki paregabea informazio hori baliatzen dutenentzat. Jakina da: zerbait dohainik bada, zu zeu zara produktua. Halere, askotan ahazten dugu erabat kontrolatuak bizi garela... Zuk kontuan hartzen duzu zure pribatutasuna gailu teknologikoak erabiltzean? Arratiako Kubulu AEK euskaltegiko A2 mailako taldea



1. Aitor
Nik ez dut kontuan hartzen pribatutasuna. Teknologia eta ni ez gara bateragarriak. Etxean, ez daukat Internet, baina lanean bai. Nik uste dut gailuek birusen aurkakoak dauzkatela, horregatik ibiltzen naiz lasai.
2. Anna
Nahiz eta saiatu kokapena kentzen, telefono zenbakia desagerrarazten, bankuaren webgunean dirua atera aurretik deskonektatzen... kontrolatuta gaude. Sareak erabiltzen dituzte pentsamenduak kriminalizatzeko eta publizitate ezkutua sartzeko, baina delitu batzuk ere harrapatzen dira.
3. Inma
Egia esan, ez. Gaur egun dena dago teknologiaren menpe, eta, horretaz gain, zerbait modu tradizionalean egin nahi baduzu, askotan ezinezkoa izaten da, teknologia gure bizimoduan erabat txertatuta dagoelako.
4. Mailis
Ingeniari informatikoa naiz eta pixka bat kontrolatzen dut, baina beti kontrolatzen gaituzte. Hilean bizpahiru aldiz pasahitz guztiak aldatzen ditut, sare sozialetan oso jarduera gutxi daukat, ez dut argazkirik eskegitzen eta normalean historikoa ezabatzen dut.
5. Juanra
Interneten edo sare sozialetan ibiltzean, badakit zehatz-mehatz kontrolatuta nagoela. Arazoa da ez diogula garrantzi askorik ematen. Gainera, uste dugu pertsona baliogabeak garela, eta ez dio inori axola.
6. Alizia
Sare sozialak ez zaizkit gustatzen. Halere, erosketak egiteko eta banku zerbitzuetarako asko erabiltzen ditut, erosoa delako. Saiatu behar dugu gure bizitza pribatua zaintzen, baina, tamalez, aukera gutxi eman digute horretarako.         
7. Elena                                
Teknologia ez zait gustatzen, baina ordenagailua asko erabiltzen dut. Batzuetan, erosteko, eta nire lanagatik informazio asko bilatzen dudalako. Ezin dut nire pribatutasuna zaindu, oso zaila da eta ez dakit nola egin.
8. Iñaki
Egia esan, saiatzen naiz, baina ez dakit ondo nola erabili pribatutasuna babesteko mekanismoak. Horregatik, oso gutxi erabiltzen ditut sare sozialak.