'Euskalduntxarrak', Arabako uhinetako paranoia

euskalduntxarrak

Gasteizko AEK-ko ikasleak dira Euskalduntxarrak saioaren egileak. Asteazkenero entzun daiteke saioa, Hala Bedi Bi irratian, 21:00etatik aurrera. Hiru urte daramatzate antenan euskara modu dibertigarrian lantzen. Azken urtean, gainera, Arabako mugak zeharkatu dituzte. Estitxu Ugarte.

Bat-batean Gozategiren Nor-nori-nork abestia entzuten baldin baduzu eta jarraian esaldi hau: Euskaldun zaharrak? Ez. Euskaldun berriak? Ez. Orduan, zer demontre gara? Euskalduntxarrak... Hala Bedi Bi aditzen ari zara, Gasteizko irrati librearen euskara hutsezko kanalean emititzen den Euskalduntxarrak saioa, zehazki.
Mikel Saez eta Ismael Mol-Pelegrí Pele Gasteizko AEK-ko ikasleek jarri zuten martxan duela bi urte eta erdi, eskoletan ez ezik, beste eremu batzuetan ere euskara praktikatzeko asmoarekin. "Beti esaten genuen kalean ez genuela aukerarik euskaraz hitz egiteko, soilik ikasgelan edo AEK-k antolatzen zituen ekimenetan-azaldu du Saezek-, beraz, pentsatu genuen zerbait sortzea, euskaltegitik kanpo, euskaraz aritzeko". Irratsaio bat egitea otu zitzaien, Hala Bedin lanean ari ziren pertsonak ezagutzen zituztelako, "eta horrela hasi zen gure paranoia".
Hala Bedi Arabako irrati librearen euskara hutsezko emisioaren aitzindaria izan da Euskalduntxarrak. Izan ere, hasiera batean, igandeetan emititzen zen AEK-ko ikasleen saioa, 21:00etan, baina Hala Bedi Bi euskara hutsezko emisioa sortu zenean, dialaren 88.8ra aldatzea erabaki zuten. Hala, Araba Hizpide goizeko magazinarekin eta umeekin egiten den Alai Bedi irratsaioarekin batera inauguratu zuten euskara hutsezko irratia. "Lehenengo urtean, hiru irratsaio baino ez ginen; orain, badaude gehiago”. 
Bi urte eta erdiko ibilbidean, euskalduntxar asko izan dira Hala Bediko estudioetan, esatari edo kolaboratzaile; teknikari lanetan, Kore ibili izan da hasiera-hasieratik. Lehenbiziko urtean, gelaz gela ibili ziren egitasmoa aurkezten eta irratsaioa egiteko prest egon zitekeen jendea erakartzen. Beste bi lagun animatu ziren orduantxe, Madrilgo Vallecas auzoko Juan Otero eta Gasteizko Monika; aurrerago batu zitzaizkien Marisa eta Kristina. Euskara maila ez da inoiz traba izan saioan parte hartzeko: "Hasi ginenean, gu 6. urratsean geunden, Juan 4.ean eta Monika EGA prestatzen ari zen".
Irratsaioaren helburua da euskara praktikatzea eta ondo pasatzea. "Ez da oso saio serioa; modu dibertigarrian eta dinamikoan landu nahi dugu euskara eta, horretarako, ikasleon pasadizoak, bizipenak eta txisteak kontatzen ditugu" azaldu du Saezek. "Ez dut uste arrakasta handirik duenik -gaineratu du, ironiaz-, baina baten batek entzungo du".
Eskaleta, oinarri
Saioaren eskaleta asteko albisteen errepasoarekin hasi ohi da; euskararekin nolabaiteko lotura duten berriak gainbegiratu ostean, euskalduntxarrak elkarrizketan hasten dira, "adibidez, Errigora, Korrika edota Auzolana pilotalekuaren ordezkariekin. Bertsolariak ere etorri izan dira beren esperientziak kontatzera, esaterako, Ruben Sanchez: jaiotzez Santanderrekoa da eta, euskara ikasi ondoren, orain bertsolaria da; Irati Andak ere bere esperientzia kontatu zigun". Baina dena ez dira izaten gauza serioak, txiste txarrak ere kontatzen dituzte, "euskalduntxarrak izanik, txisteak ere txarrak izan behar dira, ezinbestean" diote barrezka.
Saioaren atal inportante bat Nahaste-borraste da. Astero, euskara irakasle bat gonbidatzen dute euskalduntxarrek eta, haren laguntzaz, eskola bereziak eskaintzen dituzte uhinetan. "Aurreko astean, esate baterako, onomatopeiak landu genituen. Irakasleak onomatopeia batzuk bota zituen eta guk asmatu egin behar genituen; arbela aurrean egon beharrean, irratian jasotzen dugu euskara eskola, jolas baten bitartez".
Aurtengo berritasuna Euskalduntxarren Gaitasun Agiriaren banaketa (ETXGA) da. EGAren ordezkoa, euskaraz larri eta trakets egiten dutenentzat bereziki asmaturiko ziurtagiria; bertso txarrak botatzeagatik jaso daiteke, edota irrati-estudioaren deskribapen kaskarra egitearen truke. Finean, euskaraz hitz egiteko atrebentzia saritu nahi dute, eta konplexuak uxatzen lagundu.
Ordezkoen bila
Hiru urte hauetan, irratsaio berezi batzuk egin dituzte, eta, tartean, Arabako mugak zeharkatu ditu irratsaioak. Duela bi hilabete pasatxo, Korrika festa izan zen FICOBAn, Irunen, eta bertara joan ziren. Hainbat elkarrizketa grabatu zituzten, besteak beste, Kike Amonarriz umorista eta telebista aurkezlearekin eta Ipar Euskal Herriko ikasle talde batekin. Halaber, duela bi urte Korrikaren jarraipen berezia egin zuten. Lasterketa Errioxako Oion herritik igaro zenean, euskalduntxarrak Korrikaren furgonetara igo eta saioa bertatik grabatu zuten.
Alta, euskalduntxarrak nazioartekoak bilakatzearekin batera, arazo batzuk jazo dira eta irratian ibilitako hainbat lagunek, azken hiletan, alde batera utzi behar izan dute esatari lana. Bakarrik geratu dira Otero eta Saez. "Aurten, gauden moduan amaituko dugu, baina hurrengo ikasturteari begira jende gehiagok parte hartzea behar dugu; izan ere, ni jada ez nago euskaltegian -dio Saezek-, eta Juanek ere utzi egingo du. Beraz, beste ikasle batzuk aurkitu behar dira, gure asmoa da lekukoa haiei pasatzea eta, aurrerantzean, guk alderdi teknikoan laguntzea”.