Aragoiera: hurbileko lagun ezezaguna

aragoiera

Orain dela zenbait hil, aragoiera dakitenen errolda osatu zuten eta, gutxi gorabehera, 25.000 hiztun dauzka egun. Batez ere, Huesca probintzian berba egiten da, baina baita Zaragoza probintzian ere. Gugandik hurbil-hurbil dago, baina ezagutzen dugu? Apirilaren hasieran Ondarroan eginiko Aragoiera-Euskara topaketek bidea eman digute galdera erantzuteko. Txomin L. Aramaio.

Apirilaren 1ean, Korrika Kulturalaren barruan, Aragoiera-Euskara topaketak antolatu zituzten, Ondarroan, AEK-k eta Berbalagun-ek. Goizean, herria ezagutu, tragotxo batzuk hartu eta bazkaria egin zuten, gaztetxean, 70 lagunek. Horietatik 25 aragoiarrak ziren. Tripa bapo bete ostean, berbaldia egin zuten aragoieraren egungo egoera ezagutzeko eta haren berezko lurraldeko kulturan daukan garrantziaren berri emateko. Aragoieraren egoeraren berri AEK-ko ikasle eta berbalagun Chuserra Barriosek (Zaragoza, Aragoi, 1980) eman zuen.
Barriosek AIZU!ri azaldu dionez, “azken erroldaren arabera, 25.000 hiztun ditu aragoierak. Lekuaren arabera, gehiago edo gutxiago hitz egiten da. Horrez gain, hiztun berrien ehunekoa hiriburuetan hazten omen da gehien, batez ere Zaragozan”. Kontzientziazioarekin lotzen du hiriburuetako hazkundea. “Egia esan, Zaragozan aragoiera galduta dago; lexiko aldetik, ordea, bizi-bizirik. Egunerokoan erabiltzen ditugun berba asko aragoierakoak dira”. Bere familia Borjakoa da, eta han hiriburuan baino gehiago hitz egiten da aragoieraz; hantxe entzun eta ikasitakoak oso baliagarriak izan zaizkio: “Eskola batean aragoiera ikasten hasten zarenean, konturatzen zara berba asko dituzula barneratuta, etxean ikasitakoak eta…”.
Esamolde edo hitz horiek ba al dute loturarik euskararekin? Aragoin izan ote da euskararen eraginik? “Latina etorri aurretik, Aragoiko iparraldean protoeuskara izan litekeen hizkuntza bat hitz egiten zela uste da, eta lexikoan igartzen da”. Aragoieraz, adibidez, marrubia fraga esaten da, eta Anso bailaran (Nafarroarekin mugan) magoria. “Baina ez gehiegi”.
Ofizialki eskolak gaztelaniaz jaso arren, Aragoiko iparraldeko 20-25 ikastetxetan ikas daiteke aragoiera, baina astean ordubetez eta eskolaz kanpoko orduetan. Horrez gain, Luzia Dueso proiektua ere badago: eskola orduetan, aragoieraz egindako animazioak (musika, pailazoak, txotxongiloak…) eskaintzen zaizkie 3 eta 16 urte bitarteko ume eta gazteei. Helduentzat, berriz, Nogara eta Ligallo daude, Zaragozan, eta Consello, Huescan. “Den-denak borondatezkoak dira. Nik Nogaran ikasi nuen aragoiera, eta gero irakasle ere izan nintzen” dio Barriosek. Ikasturtero, 200 ikasle inguru izaten dituzte Nogarakoek, eta 5-6 irakasle aritzen dira eskolak bi mailatan ematen.
Aragoierak dialekto bi dauzka, baina ez dira oso ezberdinak elkarren artean. “Fonz eta Benasque inguruan, ekialdeko berba egiten da, eta Echon, berriz, mendebaldekoa”. Kontua da erreferente bat falta zaiela, ez daukatela euskara batuaren antzekorik Aragoin, ezta idazteko arau komunik ere. “Hiztun berriok era batera idazten dugu, eta alfabetatu gabeko hiztunek beste modu batera”. Izan ere, Aragoiko Gobernuak ez du inoiz bultzatu aragoieraz idazteko araudirik, ezta grafiarik ere. Gobernu aldaketarekin, baina, Hizkuntz Politikaren Zuzendaritza Orokorra sortu zuten, eta “badabiltza zer edo zer egin nahian”.
Aragoiera musikaren munduan
Aragoieraren egoera zertxobait ezagutzeko ez ezik, Aragoiko kulturaren eta hizkuntzaren arteko loturan sakontzeko ere balio izan zuen Ondarroako topaketak. Batik bat, musikaren esparruari dagokionez. Eguna amaitzeko, Camille talde zaragozarrak, Joseba B Lenoir nafarrak eta Gancho Sonidero dj bikoteak kontzertua eskaini zuten topaketen amaieran.
Hizlariek gogoratu zutenez, aragoieraz osorik abestutako lehen diskoa Mario Garces kantautorearen Fendo Camin izan zen, 1983an argitaratua. Harrezkero, batez ere folk munduarekin (La Orquestina del Fabirol, Biella Nuei...) eta bakarlariekin lotutako hizkuntza izan zen, harik eta 1992. urtean Mallacan eta 1994an Prau sortu ziren arte. Biek maketa bana eta lau disko argitaratu zituzten. Mallacanek hasiera-hasieratik abestu zuen aragoieraz; Prauk, ostera, gerora hartu zuen erabaki hori, bigarren diskotik aurrera, zehazki.  
Jose Santa Inesek (Zaragoza, Aragoi, 1973) hurbil-hurbiletik ezagutu izan du talde bien ibilbidea: “Aragoierari begira, talde garrantzitsuak izan dira. Batetik, rock, ska, punk edo reggae estiloetan sartu zutelako, eta, bestetik, gure lurraldeko instrumentu tradizionalak (dultzaina eta boto gaita) gitarra elektrikoekin, bateriarekin eta baxuarekin uztartu zituztelako”.
Beste talde batzuek ere abestu izan dute kantaren bat aragoieraz, adibidez, Corazón del Sapo, Skabeche Riber Band, Ixo Rai eta Monaguillos sin Fronteras-ek, beren ekarpentxoa eginda. Horietako batzuek, 1995ean, A ixena bilduman hartu zuten parte, abesti bana aragoieraz grabatuz.
Santa Ines 15 urterekin hasi zen kontzertuak ikusten, sarritan bakarrik, eta poliki-poliki Zaragozako hainbat talderen (Skabeche Riber Band edota Mallacan, esaterako) laguntzaile eta manager bihurtu zen, haien lagun egin eta gero. Euskal Herriarekin harreman estua duenez, Aragoiko taldeak batetik bestera mugitzen lagundu du. Egun, Azpeitian bizi da, eta zubi lana egin ohi du maiz hemengo eta hango programatzaileen artean. Hain zuzen, bere laguntza ezinbestekoa izan zen Ondarroako topaketa antolatzerakoan: Santa Inesi esker ekarri ahal izan zuten arestian aipatu Camille Ondarroara.
Prau eta Mallacan aitzindariak desagertuta, Camille (pop-rock), Los inestables (punk-rock), Gran Carvin (pop), Bosnerau (folk)  eta La vidriera irreverente ari dira abesti bat edo beste aragoieraz kantatzen, baina ez diskoak osorik. Horretan, lan handia dago oraindik egiteko.
Hala ere, egin egiten dira saioak hizkuntzari bultzada emateko. Aragon Musical elkarteak, adibidez, Aragoiko musika sariak banatzen ditu urtero eta, kategorietako batean, aragoieraz abestutako abestirik onena saritzen da.