Biharrian hiria ulertzeko beste modu bat

biharrian

“Aldapan gora pausorik pauso, aldapan behera auzorik auzo” dio abesti ospetsuak. Horrela ibiltzen dira eibartarrak ere, gora eta behera. Izan ere, hiria haran estu batean dagoenez, mendi hegaletan gora hazi behar izan zuen ezinbestean. Bestalde,  garai batean industria ugari zegoen hiri barruan, peora asko eta askotan tailer txikiak eta ez hain txikiak. Sare bat osatzen zuten, eta, elkarren beharrak ezagutzeaz gain, bazekiten norengana jo behar zutena lortzeko. Poliki-poliki, gehienek industrialdeetara edo beste herri batzuetara alde egin zuten, beraz, hiri barruan lokal pila bat gelditu zen hutsik; gaur egun, 700 inguru dira. Berezitasun horiek aintzat hartuta eraikin industrialak nola berreskura zitezkeen ikertzeko, proiektu teoriko bat sortu zuten Donostiako arkitektura eskolan 2012an. Mikel Arrillaga Bereziartua.

Ezekiel Collantes eta Ibone Arretxe ibili ziren, beste batzuen artean, Bereibar ekimenean. Eraikin industrialak berreskuratzeko asmoz,  kultur ekintzak antolatu zituzten BH enpresa ospetsuaren lokal hutsean, eta beren burua bertan lanean irudikatu zuten. Orduan hasi ziren teoria praktikara eramaten. Ezekielen arabera, “ikerkuntza lana egiten ari ginen: Bereibar. Hiru sorta marduleko lan teorikoa zen. Paperean zegoen, baina probatu nahi izan genuen idatzitakoak izan zezakeen ala ez erabilerarik praktikan”. Proiektu pilotua sortu eta Biharrian jarri zioten izena. Iboneren esanetan, “batetik, B eta H hizkiak izatea nahi genuen, eta, bestetik, lanari biharra esaten zaio Eibarren, eta bihar etorkizuna da; etengabe aldatzen ari ginenez, -ian jarri genion atzetik: Biharrian”.
Partaideak
Lokal hutsen jabeak, erabiltzaileak eta erakundeak harremanetan jartzen hasi ziren. Bilerak egin zituzten lanerako zein kulturarako erabilgarria izango zen eremu baten bila. Ezekielek eta Ibonek Hirikiten arkitektura enpresa zeukaten, Itsaso Goñirekin batera, eta Anemona Studioa berehala sartu zen proiektuan. Bigarrenak diseinu grafikoan jarduten du, eta Irune Jaio arduradunetako baten hitzetan, “guri heldu zitzaigun deialdia esanez eremu bat jarriko zela martxan beharra zuenarentzat; interesgarria iruditu zitzaigunez, parte hartzea erabaki genuen”. Aurrerago, ekimena martxan zegoela, Aitor Zubizarreta sartu zen bete-betean, zeina Zubi Aholkularitzaren bitartez enpresa txikien eta autonomoen kontuez arduratzen den. Gaur egun, hiru bazkide horiek osatzen dute Biharrian, eta beste bi lokal alokatu dizkiete argazkilari bati eta arkitektura estudio bati.
Lokal ugari ikusi zituzten, baina Ubitxa kalekoa aukeratu zuten. Jabeek oso ondo hartu zituzten, Ezekielen ustez haiek ere beren garaian, kooperatiba sortu zutenean, antzeko arazoak izan zituztelako. “Alokairua ordaintzeko erraztasunak eman zizkiguten, eta, gainera, ez zuten inolako eskaintzarik espero. Lantegia oso ilun eta itsusi zegoen guk hartu genuenean, eta, berritu ondorengo inaugurazio ekitaldian, jabeak ez zuen sartu nahi, zer ikusiko zuen beldur. Azkenean, sartu eta eremua ezagutu zuen. Uste zuen guztiz eraldatuko genuela, baina zenbait elementuri eutsi egin genion. Oso une polita izan zen”. 
Lan gogorra
Hala ere, izugarrizko lana izan zen lantegi itsusi eta ilun hura egungo toki dotore eta argitsua bilakatzea. Aurrekontu txikia zutenez, eurek egin zuten obra. Zazpi lagun ziren, inolako eskarmenturik gabeak, eta beren lan orduetatik at ibili ziren adreiluak jartzen, tabikeak botatzen… beste hainbat jardunetan ere trebatu behar izanda. Ibonek uste du etxean ez duela sekula koadro bat ere ipiniko: “Egin dugu obra bizitza osorako, oso prozesu luzea eta gogorra izan zen”. Izan ere, ikastaroak egin zituzten gauzak egiten ikasteko: “Azpeitiko igeltsero batek ez zuen sinesten hau bulego bihurtuko zenik eta esan zigun, lortuz gero, inauguraziora etorriko zela. Ederra izan zen hemen ikustea”. Dena den, obra eurek egin izanak elkar askoz sakonago ezagutzeko balio izan zuen.
Kulturari bultzaka
Biharrianek, enpresa proiektuak burutzeaz gain, kultur ekitaldiak ere antolatzen ditu: erakusketak, hitzaldiak, bertso saioak… Ezekiel Collantesen arabera, “formatu txikiko kultur sorkuntzan sinesten dugu, baina talka egiten du gure bizitza pertsonal eta profesionalarekin. Izan ere, ahalegin hori egiten dugu, gauzak antolatzen ditugu, baina gero jendea ez da etortzen… Dena den, guk badugu borondate hori, alegia, enpresa proiektua izateaz gain, kultur ekitaldiak antolatu nahi ditugu, ikastaroak, prestakuntza eta abar”. Bestalde, alokatu ere egiten dute esparru komuna. Ibone Arretxek dioenez, “etxean lan egiten duen norbaitek, egindakoa erakutsi nahi badu, gurean egiteko aukera du. Horrek, azkenean, saretu egiten du jendea, eta ekimenak sortzen dira”. Denen artean erabakitzen dute nori alokatu eta nori ez, “gure filosofiarekin bat egiten dutenei alokatzen diegu”.
Oraintxe bertan, ez daukate alokatzeko lekurik, baina Bereibar proiektuaren asmoa zen 700 lokal huts horietako batzuk berreraiki eta erabiltzea, sarea osatzea. Collantesen esanetan, “gure xedea zen hau hirigintza politika bihurtzea, hau da, ez izatea lau katuren kontua eta erakundeek honelako proiektuen alde egitea, jabeekin akordioak lotzea, horretarako diru-laguntzak baliatzea eta leku hutsak pixkanaka betetzea”. Hiria egiteko beste modu batean sinesten dute Biharrianen. Parketxo bat ere egin zuten lokalaren kanpoaldean, herriari mesede egingo ziolakoan. Oso kritikoak dira Eibarko hirigintzarekin: “Hiltzen ari da, ez dago batere zainduta eta abandonaturiko eremu asko dago. Eibarren, esparru txiki asko dago, eta horiek landu behar dira” dio Ibone Arretxek.
Eibar oso herri interesgarria dela irizten diote, baina uste dute ezaugarri bereziak galtzen ari dela. Ezekielen hitzetan, ”gu aktibistak gara alde horretatik. Saretzeko joera, kidetasunez lan egitekoa, enpresa txikiz osatutako sare handiak sortzekoa, kulturan dago, baina desagertzen ari da. Lehen, denek jakiten zuten zer egiten zuten besteek; soldatzaile on bat behar bazuten, bazekiten norengana jo. Horixe berreskuratu nahi dugu guk”.
Aurrera begira
Orain arte egindakoaren balorazioa ona da eta, aurrera begira, lanean jarraitzeko ilusioa dute. Hori bai, garbi dute erakundeek beste paper bat jokatu beharko luketela; aho batez­ diotenez, esku hartu eta laguntza gehiago eman behar dute. “Laguntza handiagoa izan bagenu, asko arinduko zitzaigun gure zama”.