“Irudi batek ez du balio mila hitzek baino gehiago, egiazkotasunarekiko lotura galdu duelako”

lazkano

Jesus Mari Lazkano margolariak (Bergara, 1960) AEBetan, Indonesian, Txinan, Suitzan, Espainian eta Italian egin izan ditu bakarkako erakusketak; nazioarteko bilduma eta museoetan ere ikus daitezke bere margolanak; baita berton ere, Arte Ederren Museoan, San Telmon, Artiumen, Guggenheimen edota Gernikako Juntetxean. Iaz, Ikusmira atzera begirakoa eduki zuen ikusgai Donostian. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Azkenean, zeure lurraldean profeta izatea lortu duzu?
Ez daukat argi. Urte askoan ez dut nire lana bertoko galerietan edo museoetan eduki, kanpoan ibili izan naiz gehienetan. Halere, iazko atzera begirakotik ezagunagoa naiz hemen, baina oso prozesu luzea eta geldoa izan da, batzuetan momentu onekin eta beste batzuetan ez hain onekin. Orain, jendeak ezagutzen du zer arte mota egiten dudan, jakin nahi du zertan nabilen, badago jakin-mina, eta hori oso garrantzitsua da. Niretzat, dena den, prozesua da ideia nagusia, osotasunean hartuta, etengabeko bilakaera, bai nire ibilbidean, bai margolan batean ere. Izan ere, lan batean, garrantzitsuena ez da margoa bera, atzean dagoena baizik: ideiak, zer egin duzun lehenago, zer egingo duzun gero... prozesua bera, azken batean. Margolana irudia baino askoz gehiago da: narrazioak, emozioak, esperientziak...
Horren bila joango zara laster Artikora, espedizio batean?
Bai; duela lau urte New Yorken egon nintzenean, Artikora urtean bi espedizio egiten dituen fundazio bat ezagutu nuen: The Arctic Circle. Belaontzi handi batean, hainbat diziplinatako 15-18 lagun biltzen dituzte, gehienak zientifikoak eta artistak, eta hilabete ematen dute Artikoan zehar nabigatzen. Nor bere proiektuarekin joaten da, baina nahasketa horretatik beti agertuko da zerbait berria, esperientzia zabala da. Hautatu egin naute, eta ekainean joango naiz. Nire koadernotxoa eramango dut akuarela batzuk egiteko, ideiak hartu, argazkiak egin, bideoak... Gero, material horretatik zer edo zer etorriko da, ez dakit zer, baina zerbait bai. Esperientzia hori edukitzeko momentu aproposean nago, azken boladan itsasoa, izebergak, izotza... lantzen ibili naizelako. Nire asmoa da muturreko paisaien bila joatea. Izan ere, paisaia horiek irudika ditzaket, Googlen ere irudi piloa aurki daiteke, baina esperientzia bizia eduki nahi dut. Behar-beharrezkoa dut zer-nolako argitasuna dagoen ikustea, izotza ukitzea, hotza pasatzea, ontzia nola mugitzen den senti-tzea, inguruko soinuak entzutea...
Aspertu egin zara hemengo paisaiez?
Ez, aspertu ez, baina jakingura hor dago. New Yorken egon nintzenetik, koloreak kentzen ari naiz poliki-poliki, margolanak isiltzen, koloreak isiltzen, istorioak isiltzen... esentziaren, egiazkoaren, bila. Margolanetan arkitektura landu izan dudanean, irudiaren bidez informazio asko ematen nuen, eraikina edo lekua ezagunak izaten zirelako. Beraz, koadroa informazioz beteta egoten zen. Orain, elementu eta datu horiek baztertzera jo nahi dut. Horregatik jarri dut arreta paisaietan. Nire proiektua pendularra izan da beti arkitekturaren eta naturaren artean. Une honetan, pendulu hori naturaren aldean dago, paisaia horien bila. Askok paisaiaren kontzeptu oso erromantikoa dute: natura, berdea, ekologismoa... baina horiek arketipoak dira. XXI. mendean, gure begirada ezberdina da, paisaia horretan mila arazo daudelako: kutsadura, klima aldaketa, pertsonon eragina... Batzuetan ez gara konturatzen, baina paisaiak aldarazten ari gara. Horregatik, espediziorako aukeratu izana, muturreko paisaiak sentitzera joate hutsa, arrakasta handia da niretzat.
Oharrak hartzen dituzu nonbait zerbait berezia ikusten duzunean?
Bai, margotu eta idatzi egiten dut beti aldean daramadan koadernoan. Niretzat koadernoak oso inportanteak dira. Bi mota ditut: bata saski-naskia da, ideiak eta apunteak gordetzeko; bestea landuagoa, zerbait lasai marrazten dudanerako, bidaietan, adibidez. Gustatzen zait patxadaz joatea, jartzea, begiratzea, ikastea, zein linea aukeratu erabakitzea... Errealitatea ulertzeko beste modu bat da, eta horretarako denbora behar da, esperientziaz hornitzen zara. Orain, jendeak, inora joan aurretik, hango irudiak ikusita ditu, sorpresa desagertu egin da. Bidaiaria ez da tokiaren bila joaten, baizik eta Interneten ikusi duen irudiaren bila, eta aurkitzen ez badu, zapuztuta sentitzen da. Toki horretan, ehunka argazki ateratzen ditu eta aukeratzeko gaitasuna galtzen du, gehiegi dituelako. Azkenean, ez du ikusten bisitatzera joan den lekua, bidaia desagertu egiten da informazio zurrunbilo horretan. Baina beste jarrera batekin joanez gero, patxadaz, marrazki bat egiteko jarri... jendea beti hurbiltzen zaizu zertan ari zaren ikustera edo beste leku batzuk gomendatzera, edo etxera gonbidatzera... Beti agertzen da zerbait berria.
Zein da ikuslearen papera margolan baten aurrean?
Margolana amaitzea. Obraren aurrean jartzen denaren kultur prestakuntzaren eta beste ezaugarri batzuen arabera, gauza ezberdinak ikusiko dira. Ondorioz, ikusle bakoitzak bere koadroa edukiko du, eta hori ez da ariketa erraza. Gehienetan, pintatzea da errazena. Gero, ikuslea horren aurrean jarri eta segundo batzuk, edo minutu bat, begira edukitzea, zer esaten dion ikusten, ez da erraza. Ikusle horrek badu meritua, errespetua merezi du. Irudi piloa ikusten dugu abiadura handian, gainezka gaude. Horrenbestez, lorpen handia da baten bat koadro baten aurrean segundotxo bat geratzea. Momentu horretan, oso komunikazio berezia sortzen da, ikusleak amaitzen du koadroa, azken ukitua ematen dio, bere historia sartzen du margolanean. Horregatik, margolanak zabalik utzi behar dira, ikusleak osa dezan istorioa. Margolana estudiotik ateratzen denean, zabalik dago, eta hor milaka istorio sar daitezke, ikusle bakoitzak berea proiektatu behar du, bere ezagutzak, bere esperientziak... koadro hori amaitzeko. Kritikariek aurpegiratzen didate ez dela jenderik agertzen nire lanetan, baina beti erantzuten dut badagoela beti pertsonaia bat gutxienez: ikuslea. Ez da koadroan agertzen, baina hortxe dago.
Jende asko ez da inoiz museo batean sartu, ezta galeria batean ere…
Hezkuntza eta ohitura kontua da. Hemen ez da asko landu, baina aldatzen ari da pixkanaka. Alde handia dago duela 30 urteko egoerarekin, orain museoak askotan betetzen dira. Eskoletatik egiten dira bisitak, eta artistak ere joaten dira eskoletara. Halere, guk gehiago nahi dugu, jendea hurbilago topatu, eztabaida egotea... Hori hezkuntzaren bidez aldatzen da, belaunaldiz belaunaldi. Hobeto gaude, baina inoiz ez da nahikoa. Bestalde, artistok ere badugu erruaren zati bat, beti ibili izan garelako beste maila batean egongo bagina bezala, gure lana ikustera jende asko etortzeak esan nahiko balu bezala “popularregiak” garela. Hori akats larria da. Nik beti azaldu nahi izan diet ikusleei gauzak nola egin diren, bozetoak erakutsi, istorioa kontatu... bidea erraztu, finean, jendea beldur barik gertura dadin artera. Halere, azkenaldian, artistarentzat batzuetan erosoagoa izan da beste maila batean jartzea, azalpenik ez ematea. Baina ez da hala, gauzak azaldu egin behar dira, artea zabaldu egin behar da, hitz egin behar da, idatzi...
Zertara joaten da ikuslea erakusketa batera? Ikustera? Erostera?
Tira, saldu egiten da, baina merkatua oso makala eta estua da. Garrantzitsuena da esperientzia estetiko bat edukitzea, baina hori landu egin behar da geure esperientzia eraiki ahal izateko. Esperientzia hori oso baliagarria da begirada hezteko, paisaia bati, aurpegi bati, leku bati... begiratzen ikasteko. Nola janzten garen, zer kolore aukeratzen dugun... estetika leku guztietan dago, baina alde batera utzi dugu. Datorrena hartzen dugu, alegia, merkatuak agintzen diguna.
EHUko Arte Ederren fakultateko irakaslea zara. Zure ikasleak ere merkatuak menderatzen ditu?
Beharbada kode ezberdinak baliatzen dituzte, baina kodeak azken finean. Look ezberdina izan arren, berdin-berdin daude harrapatuta, ezberdintasuna ez dagoelako proiektatzen den norberaren itxuran, egiten den lanean baizik. Energia lanean jarri behar da, sormenean, errealitatea ulertzeko beste modu batzuen bilaketan… Energia handia dute, eta hori oso ona da, baina, aldi berean, gero eta umeagoak dira, esperientzia gutxiago dute eta, batzuetan, zerbait egin behar dutelako etortzen dira. Margotzeko premia biziaren falta sumatzen dut haiengan, indar ia basati horren falta. Ez naiz dohainaz ari, sortzeari ezin uzteaz baizik. Beti izaten da horrelako norbait, % 3-5, ehunekoa ez da aldatzen. Horiei berehala nabaritzen zaie, dena interesatzen zaie, dena probatzen dute: marrazkia, ikus-entzunezkoak, zinema, bideoa, eskultura, poliesterra... Gozamena da horrelakoekin topo egitea. Gainontzekoak hortxe daude. Haatik, horiek ere artatu egin behar dira, hortik ere sekulako artistak ateratzen baitira batzuetan, espero edo ezagutzen ez zuten zerbaitekin ustekabean topo egin eta gogoa berotzen zaielako. Unibertsitateak eman egin behar du, eskuzabala izan, erakutsi, zabaldu... baten batek hartuko du eta.
Egia da irudi batek mila hitz baino gehiago balio duela?
Duela 15 urte baietz erantzungo nukeen, baina gaur egun ez dakigu irudiak irakurtzen, gehiegi ditugulako inguruan. Irudiak galdu egin du egiazkotasunarekin zuen lotura. Lehen, irudi batean agertzen zena ziurra zen, baina orain ez, ez du dokumentu izaerarik, hori desagertu egin da, egia ez diren milaka irudi ikusten ditugulako. Irudiak prestigioa galdu du; hortaz, erantzuna ezezkoa da. Batzuetan, lau hitzek askoz gehiago esaten dute.

KOLKOTIK

Gogoratzen duzu non egin zenuen lehenengo erakusketa? Bai, Bergarako Pol-Pol mendi elkartearen erakusketa aretoan, 15 urterekin.
Zein bi kolore ez zenituzke inoiz elkarren ondoan jarriko?
Dena egin daiteke, horregatik da magikoa pintura.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Langile bat.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Justizia berdina dela denontzat.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Limoiak eta tipula.
Larunbat gauerako planik onena?
Itsaso aldera joatea zeruari begiratzera.
Zein margolani begira emango zenituzke orduak?
Caspar Friedrich-en Böhmische Landschaft lana ikusteko bakarrik autostopez joan nintzen Stuttgarteraino. Orduak eman nituen haren aurrean, zaintzaileak kargu hartu zidan arte.
Ikusle moduan gogokoen duzun museoa?
New Yorkeko Metropolitan.
Inspirazioa bilatzeko leku bat?
Itsasoa.
Margotzen ari zaren bitartean entzuteko?
Isiltasuna, Urdaibaiko txorien kanta, alegia.
Zerk ematen dizu lotsa?
Oso lotsatia naiz; jende berria ezagutzean, lotsatu egiten naiz. Asko ikasi dudan arren, oraindik ere ahalegina egin behar dut.
Zerk ematen dizu amorrua?
Injustiziak.
Zerk ematen dizu tristura?
Ikusteak zein krudela izan daitekeen pertsona bat ingurukoekin. 
Zerk ematen dizu beldurra?
Ezerk ere ez, inkontziente hutsa naizelako, kar-kar!
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Mendira joan.
Bi hitzetan, nolakoa da Jesus Mari Lazkano?
Jakin-mina dut eta saiatua naiz.