Zinema

starwarsStar Wars sagako zazpigarren filma 2015ean estreinatuko dute

Disney ekoizpen-etxeak emandako berriaren ondorioz zorioneko izango dira Star Wars sagaren jarraitzaileak. Izan ere, zazpigarren filma 2015eko abenduaren 18an estreinatuko dute. Lehendik ere jakina zen zazpigarrena egingo zutela, baina, bestela, esamesak ziren nagusi. Orain, ordea, filmaren estreinaldi eguna jakinarazteaz gain, aurtengo udaberrian grabatuko dutela ere ziurtatu dute. J. J. Abramsek zuzenduko du filma, eta gidoia dagoeneko idatzirik omen dago. Hortik aurrerakoa, zurrumurruen dantza besterik ez da. Disneyren arabera, aurpegi ezagun eta ezezagunak agertuko ei dira zazpigarrenean. Hala, hainbatek ia ziurtzat jotzen dute Harrison Ford (Han Solo), Mark Hamill (Luke Skywalker) eta Carrie Fisher (Leia Organa printzesa) agertuko direla. Horiekin batera, orain arteko filmeetan agertu ez diren beste zenbait aktore ezagunen izenak ere aipatu dira hedabideetan: Gary Oldman, Lupita Nyong'o, Michael Fassbender... Alabaina, deus ziurrik ez da oraingoz, pertsonaia bakar baten kasuan izan ezik: R2-D2 robot xelebreak lekua izango du filmean. Bere kide C-3PO agertuko ote den, aldiz, ez dute baieztatu. Gidoiari dagokionez ere, ezer gutxi jakin da. Hori bai, antza, ez die aurreko filmei (alegia, Return of the Jedi-n amaitu zen istorioari) segida emango, eta istorio berri eta originala izango da. Hala bada, zalantza ugari sortuko dira filmaren inguruan, dudarik gabe: inolako ekarpenik egingo al dio sagari, ala zale sutsuen kontura sosak biltzeko aitzakia hutsa izango ote?