Leioa agertoki erraldoi bilakatuko du Umore Azokak

Kale antzerkiz mukuru izango dira Leioako kaleak maiatzaren 18tik 21era, XVIII. Umore Azokari, kaleko arteei eskainitako Euskal Herriko jaialdi garrantzitsuenari, esker. Leioako Udalak antolaturiko jaialdiak 50 konpainiaren 150 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu. Horietatik 22 erabateko estreinaldiak izango dira. Parte hartzaileen artean zein estreinaldietan, euskal taldeak izango dira nagusi. Orotara, 22 euskal antzerki taldek 23 ikuskizun eskainiko dituzte. Horien artean, 16 estreinakoz plazaratuko dituzte. Gainontzeko taldeak Espainiakoak, Kataluniakoak, Frantziakoak, Herbeheretakoak, Suitzakoak eta Hungariakoak izango dira. Leioako kaleetan eskainiko dituzten orotariko antzezlanez gain, bestelako ekintzak ere izango ditu XVIII. Umore Azokak, hala nola, jardunaldiak eta topaketak. Informazio guztia www.umoreazoka.org gunean ikus daiteke.


hozkailuaADISKIDETASUNA gai nagusi duen lana estreinatu berri du Huts Teatroa taldeak: Hozkailua. Unai Iturriagak idatzia eta Manex Fuchsek zuzendua, Ander Lipus eta Patricia Urrutia ditu aktore. Punkaren loraldi betean Londresera joandako Maite, Jimmy eta Carlos lagunen gorabeherak ditu hizpide. Gerora, Carlos Euskal Herrira itzuli zen bizitza hura utzita. Orain, Maiteren deia jasoko du: Jimmy hila da, eta haren gorpua hozkailu batean ekarri du Euskal Herrira, Jimmy bere jaioterrian lurperatzeko. Artedrama konpainiak ekoitzi du, Huts Teatroaren zigilua erabilita. Hain zuzen, konpainia berak Aulestin antolatzen duen Artedrama Euskal Laborategiaren (ADEL) egitarauaren baitan aurkeztu zuten apirilaren 17an. Ondoren, maiatzaren 26an Laudion, 27an Zarautzen eta 28an Markina-Xemeinen ikusi ahal izango da, besteak beste.

dantzertiDANTZERTI Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak Arrakala ekimena antolatu du, ikasleei eskolatik kanporako leihoak eta eskolaz kanpoko jendeari eskolako ateak zabaltzeko asmoz. Hala, dramaturgia ardatz, maiatzaren 8tik 11ra hainbat jarduera izango dira: eskolatik kanpoko jendearentzat ere irekiak izango diren ikastaroak, ate irekiak eskolako ohiko ikasgaietan, tailerrak, hitzaldiak, topaketak Utahko Unibertsitateko (AEB) dantza ikasleekin... Egitaraua www.dantzerti.eus webgunean dago ikusgai. Halaber, antolaturiko jardueretan parte hartzeko izena eman behar denez, bete beharreko urratsak ere bertan daude zehaztuta. Dantzertik lehenengoz antolatu du Arrakala, baina urtero egiteko asmoa azaldu du.

lupaHAMAR URTE beteko ditu Mikelazulo Elkarteak antolaturiko Lupa Dokumentalen Mostra eta Topalekuak eta, sorreratik bezala, aurten ere “jakin-minezko jarrerarekin” dator. Maiatzaren 11tik 14ra bitartean, 13 film, “13 zakur berderen begirada”, eskainiko dituzte Errenterian eta Donostian. Urteurrena dela eta, ekitaldi gehiago izango dira, hala nola, arte erakusketa bat, bideo kontzertuak, Rouge elea konpainiaren Hau da nire ametsen kolorea antzezlanaren emanaldia edota 10 urteak ospatzeko jaia, Donostiako Guardetxean. https://lupadoc.org/ gunean jaso dute egitarau osoa.