Toivon tuolla puolen

esperanza

Zuzendaria: Aki Kaurismaki. Gidoia: Aki Kaurismaki. Aktoreak: Sakari Kuosmanen, Sherwan Haji, Kati Outinen, Tommi Korpela, Janne Hyytiainen. Finlandia, 2017.

Istorioa: Khaled iheslari siriarra Helsinkira iritsi da, itsasontzi batean ezkutatuta. Bestetik, Wikhstrom 50 urteko saltzaileak, bizimoduz aldatzea erabakita, jatetxea irekiko du. Biek jatetxeko atarian egingo dute topo, eta Wikhstromek lagundu egingo dio Khaledi.
Zuzendaria: Aurkezpenik ez du behar Kaurismakik eta, ziurrenik, sobera egonen da gogoratzea aurtengo Berlingo zinemaldian zuzendari onenaren saria eskuratu duela. Txartel-leihatiletan buxadurarik eragin ez arren, jarraitzaile fidel asko ditu hain berezko estiloa garatu duen finlandiarrak.
Onena: Kaurismakik ez dio hutsik egin bere begirada berezi horri, eta Europan puri-purian den gaia, etorkinei egiten zaien harrera, landu du oraingoan. Gordinki baina samurtasun ukituekin; tristura nagusi izanik ere, ironia zipriztinekin; ilunean, koloretsu; saminean, gozo… Inolako moralkeriarik gabe, Europa zurrun eta itsuan esperantzaren zirrikituak erakutsi dizkigu (herritarren esku dagoen esperantza, bidenabar).
Txarrena: Berlingo zinemaldian Kaurismakik berak esandakoa, zinema egiteari uzteko asmoa duela, alegia. 
Eñaut Mitxelena