Maria Rivero, arrakalak kantu bihurtzen

rivero

Musikaren munduan 10 urteko ibilbidea osatu eta hainbat talderekin 9 disko kaleratu ostean, Maria Riverok Kintsukoroi proiektua jarri du abian. Ez da bakarkako egitasmoa, lagun asko baititu inguruan, baina bere gain hartu du erantzukizun osoa eta bera bakarrik ariko da jendaurreko kontzertuetan. Zeramika konpontzeko teknika japoniarra da kintsukoroi: hautsitako ontziaren arrakalak urrez betetzen dira. Riverok bere “arrakalak urrez bete eta kantu bihurtu” nahi ditu egitasmo honen bidez. Hasieran disko bat egiteko asmoa bazuen ere, hilabeteak igaro ahala, hiru ardatzetan oinarritutako proiektu irekia bihurtu zaio: Maria bera bakarrik, pianoarekin edota gitarrarekin; Maria bere musika tribuarekin; eta Mark Jordan produktore katalanaren kolaborazioarekin. Abestiak (Ongi etorriak, Berta vive, Garenak gara...) banaka eta pixkanaka argitaratzen dabil Facebook bidez, baina aipatutako ardatzak islatzeko asmoa du aurrerantzean eskainiko dituen zuzenekoetan.


BAKARRIKBERRI TXARRAK taldeak 10 hazbeteko binilozko single berria kaleratu zuen, apirilaren 22an, propio Record Store Day egunerako: Bakarrik egoteko modu berri bat. Mila aleko edizio mugatu hau taldearen Only In Dreams zigiluaren bidez eta disko denda independenteetan baino ezingo da lortu. Euskal Herrian, Discolaser (Gasteiz), Long Play (Barakaldo), Power Records (Bilbo), Bloody Mary (Irun) eta Discos Barracuda (Iruñea) dendetan. Binilo bakoitzak kode bat izango du barruan kantuak digitalean doan deskargatzeko. Bi abesti biltzen ditu: A aldean, Bakarrik egoteko kantu berria; eta B aldean, Belaunaldi bat (The Wipers taldearen bertsioa). Grabaketa 2017ko urtarrilean egin zen, Cal Pau Recordings  masian, Santi Garcia teknikariarekin. Diseinua taldeak berak egina da, Galder Izagirreren argazkiekin.

borovaPOLIAMOR
Yogurinha Borova
Gor, 2017

Hamabi abestiz osatutako disko honetan, artista arabarrak amodioari abesten dio (otsailaren 14a aukeratu zuen lan berria aurkezteko), euskaraz zein gaztelaniaz, hizkuntza bat ala bestea gaiaren eta erritmoaren arabera hautatuta. Kiko Alcazarren laguntza izan du diseinuan eta argazkietan, eta Oier Aldekoarena musika kontuetan. Horiez gain, abestiak sortzeko orduan ere izan du hainbat lagunen kolaborazioa: Javier Leon Coriarena, Richard Maltesena, Iker Sadabarena, Alberto Domingorena eta Juan Mendez Morenorena, besteak beste.

skakeitanGALERA
Skakeitan
Mauka, 2016

Diskoaren hasierako arpegioa entzutea aski da taldearen soinu aldaketa agerian uzteko, esentziak hortxe segitzen duela suma badaiteke ere. Hala, abesti guztietan rockak paper garrantzitsua bete arren, estilo aniztasuna da nagusi disko osoan. Nabaria da hainbat iturritatik edandako estiloen fusioa: reggae eta dancehall estiloko doinu jamaikarrak, hip hop doinuen agerpena, pop doinuak melodietan nagusi... Ahotsei dagokienez, erregistro inoiz baino altu eta oldarkorragoekin datoz erraietatik ateratako mezuak zabaltzera.