Nostalgia baino gehiago

piltDenbora
PiLT
Esan Ozenki, 1998

Inork gutxik espero zuenean, PiLT taldeak iragarri du berriro elkartuko direla maiatzean kontzertu batzuk emateko. Lehena Bilboko Kafe Antzokian izango da, eta sarrerak duela pare bat hil edo amaitu ziren. Bitxia da: PiLT, bere garairik onenean, kultuko taldea izan zen, hots, prestigio handikoa eta kontzertu ia guztietara joaten zen zale multzo sutsua zuena, baina ez zituen masak mugiarazten. Ez naiz bat-bateko arrakasta honen arrazoiak azaltzeko gauza sentitzen. Zaleen aintzatespen berantiarra? Nostalgiaren ondorioa? Aitzindarien patua? Moden apeta? Edozein modutan, Mungiako taldearen itzulera aukera polita da haren diskoei hautsa kentzeko, eta nik Denbora aukeratu dut. Taldearen bigarren diskoa izan zen, lehenengo lanaren eta Hil da Jainkoa haren arrakastaren ostean ondua, eta pozgarria da ikustea nola saiatu ziren taldekideak esperimentatzen eta eskemak ez errepikatzen. Bai, PiLT ezagun egin zuten metal garaikideko zafladak badaude (Jo), baina gauza psikodelikoagoak ere bai. Nostalgia ez da lan honen balio bakarra, bistan denez.
Gotzon Hermosilla