'Koadernoa zuri', antzezlana nobela bihurtuta

iturbe

Arantxa Iturbe idazle eta kazetariak eleberri bihurtu du berak Hika Teatroa taldearentzat idatzitako antzezlana. Koadernoa zuri obrak amaren heriotzak bat-batean elkartu dituen bi ahizpa ditu protagonista. Urtetan ez dute elkar ikusi, eta asko dute batak besteari esateko. Besteak beste, urrun egon diren bitartean bakoitzari gertatu zaizkionak eta lehenagotik nork bere kolkoan gordetakoak. Otzan eta esanekoa izan da bata, menderagaitz eta lotsagabeagoa bestea, ama estu eta zurrun baten alabak biak ere. Trapu zikinak etxean garbitzeko aginduaren kontra, isilpekoak argitara aterako dituzte Arratek eta Begoñak, beren arteko arrangurak eta ezin ulertuak sendatzeko. Hika Teatroak iaz estreinatu zuen antzezlanean, Agurtzane Intxaurragak jokatzen du amaren papera; Itziar Ituño da Arrate; eta Miren Gojenola, Begoña. Iturbek hainbat ipuin bilduma eta Ai ama! saiakera laburra argitaratu ditu. Baita zenbait antzerki lan idatzi ere, Agurtzane Intxaurragarekin lankidetzan.


 

mariluzLISIPE bildumaren bigarren zenbakia Mari Luz Estebanen eskutik kaleratu du Susa argitaletxeak. Feminismoa eta politikaren eraldaketak izenburupean, hamaika galdera eta hausnarketa jarri ditu idazleak paper gainean. Hauek, besteak beste: politika berrasmatzen ari gara? Nolakoa da egungo mugimendu feminista? Zein izan da azken hamarkadotan ezagutza sortzeko eta zabaltzeko erabili den metodologia nagusia feminismoan? Nola iristen da egun gizartera edo beste gune batzuetara gune feministetan sortutako ezagutza? Zein dira politika (feminista) baten arrakasta bermatzen duten ahalmenak edo trebetasunak? Zein dira ahalduntze terminoaren gaurko erabilerak? Nola egituratzen da lidergoa? Nola babestu eta kritikatu aldi berean boterean dauden feministak?

dorreaDORREAREN ETA PENDULOAREN ARTEKO ITUNA
Amaia Iturbide
Erein, 2017

Egilearen zazpigarren poema liburuaren izenburuan, dorrea buruaren sinonimotzat jo daiteke; pendulua, aldiz, bihotzaren parekotzat. Biak elkarren beharrean. Bestalde, bai dorrea, bai pendulua sentimendu isolatuak ere badira, beraz, barnekoiak eta introspektiboak. Liburuak bost atal ditu: Urrats nomadez eta isolatuez, Okre koloreko koadernoa, Objektu geometrikoki amestuak, Seinaleak bidean nola eta Historiaren eta arkitekturaren talaietatik.

 

 

minorMINORREKO KOMENDIA
Hans Keilson
Itzultzailea: Juan Luis Agirre Lete
Txalaparta, 2017

Judua ez den bikote batek naziengandik ihesi doan judu bat ezkutatzen du etxean. Hala, idazlearen estilo soilean, hirukote horren arteko elkarbizitza, solasaldiak, haserreak, beldurra, klaustrofobia, elkartasuna eta itxaropena agertzen dira orriotan. Egilea bera, naziengandik ihesi, Herbehereetako erresistentzian ibili zen. Klandestinitatean idatzia, liburu honek, neurri batean, sasitzan ibilitako garai hartako bizipenak ditu oinarri.