33 ezkil

ezkilMiren Gorrotxategi
Elkar, 2016

Ezkilak. Hogeita hamahiru ezkila danbadaka, herria esnatzen. Hezurrak. Lurperatutako burezur bat jo du aitzurrak, tok. Sekretuak. Ezin da horiei buruz hitz egin. Ezinikusiak. Familia eratzen duten familia-kontuak. Herria. Baserria ez da herria. Baserria. Herria ez da baserria.
Miren Gorrotxategiren lehenengo eleberria dugu 33 ezkil nobela beltza, Agustin Zubikarai saria irabazi ondoren idatzi duena. Nestor du protagonista; haren aitak burezur bat aurkitu du aitzurrean ari zela, eta Berta bikotekide ohiari deitu dio, arkeologoa baita, haren iritzia jakiteko. Gutxira, eskeletoa desagertu egingo da, eta hildako gehiago egongo da gero, baita hezur misteriotsu gehiago ere.
Nobela beltzak behar duen moduan, bi inspektore egongo dira ingurumarian, Nestorren familiari laguntzen, edo haren atzetik.
Informazioa tantaka ematen digu Gorrotxategik, puzzlea osatzeko piezak han-hemen, flashback bidez zenbaitetan, osotasuneranzko bidean. Idazkera soil eta zuzenekoa topatuko du irakurleak, baina ez horregatik landu gabea.
Ederra, misterioa atsegin dutenentzat.
Alaitz Andreu Eizagirre

Zuzenketa: 414. zenbakian, hau jartzen zuen Azken patriarka liburuaren iruzkinean: Halaxe gertatu zitzaion Mimun Driutxi, haren ama aurrenekoz erditu zenean haurtxo zakildun bat izan baitzuen. Bada, hau jarri behar zen horren lekuan: Eta halaxe gertatu zitzaion Mimun Driutxi, haren amak erditu zuen lehen haurtxo zakilduna izan baitzen.