‘Gurean.eus’, tokiko errealitatearen leihoa

gurean

Tokikom toki komunikabideen bateraguneak gurean.eus hedabidea sortu du, “euskal errealitatearen leiho globala” izateko xedez. Hots, Tokikom osatzen duten 60 toki komunikabideen edizio digitaleko edukiak batzen ditu, eta gaien arabera antolatuta eskaini: kultura, gizartea, kirolak, ekonomia, euskara... Toki komunikabideen sareak sortzen duen informazioa batuta, “egunerokotasunaren ikuspegi guztiz ezberdina erakutsi ahal izango diogu publikoari, gertutasunean oinarrituta, ohiko komunikabideen agendatik kanpo geratzen diren gaiak azaleratuz” azaldu du Alaitz Artolazabal Tokikomen zuzendariak. Sarerako pentsatutako komunikabidea da, bereziki sakelakotik begiratzeko, baina ordenagailu zein tableta bidez ere irakur daiteke.


booktegiEUSKARAZKO liburu elektronikoak dohainik eskaintzen ditu Booktegi.eus webgune jaio berriak. Liburuak doan deskarga daitezke, baita argitaratu ere, betiere gutxieneko kalitate-irizpideak betez gero. Mota askotako liburuak biltzen ditu guneak (fikzioa, saiakera, drama, poesia...), hiru formatutan eskainita: ePub, PDF eta MOVI. Liburuak eskuratzeko ez dago zertan izena eman, baina badago harpidetza egiteko aukera (harpidedunek gunearen buletinak jasoko dituzte). Bi gabeziari erantzuteko helburuz sortu dute Booktegi: batetik, gutxi irakurtzen diren liburuei “bigarren ibilaldia” eskaintzea; bestetik, euskarazko liburu elektronikoei atarramentu gutxi ateratzen zaiela eta, euskarazko e-liburuen erabilera bultzatzea.

LABURREAN

AZPEITIAN ospatuko dute Euskarazko Interneten Eguna, maiatzaren 17an, Nazioarteko Interneten Egunarekin bat eginda. Iaz, Iruñean ospatu zuten lehenengoz, eta bigarren edizioa izango du aurtengoa. Euskarazko Interneten sustapenean eragitea izango du helburu nagusi. PuntuEus Fundazioak antolatu du, Azpeitiko Kulturaz Kooperatibarekin eta herriko beste hainbat elkarte eta eragilerekin elkarlanean.

Bizibizi.eus izeneko jokoa jarri du abian Euskal Tonbolak, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren ekimenak. Galdera-erantzun jokoa da, sakelakoan edo ordenagailuan jokatzeko. Parte hartzaileen ezagutza eta azkartasuna neurtzen ditu, eta sariak eskuratzeko aukera ematen du. Hori bai, sariak lortzeko, Euskal Tonbolako txartelak erosi behar dira, haietan ageri diren kodeak baliatu behar baitira. Nolanahi ere, halako koderik gabe ere probazko partidak joka daitezke, baina saririk jasotzeko aukerarik gabe.


TBXEUSKALDUNEK Interneten ikusten dituzten bideoen sailkapen automatiko eta jarraitua egiten du TBX.eus-ek, Codesyntax enpresak euskarazko bideoei ikusgarritasuna emateko asmoz sortu duen bideo batzaileak. Algoritmo propio baten bitartez, bideoak detektatu eta, ikusgarritasunaren edo arrakasta erlatiboaren arabera, rankingetan antolatzen ditu. Oraingoz, Youtubeko bideoak baino ez ditu batzen, baina beste bideo-zerbitzuak baliatzeko asmoa agertu dute TBX-ren garatzaileek.