3 Finkbeiner

paiaXabi Paia

Martxoa igaro berritan, jende askok galdetu dit urtarrilean argitaratutako Bechdel testaren inguruan. Gerraren jainkoaren hilak eta genero-arrailak ez dute zuzeneko erlaziorik, baina Emakumeen Nazioarteko Egunak gero eta oihartzun handiagoa du gurean… eta oihartzuna errepikapenean datzanez generoaren gaia ekarri nahi nuke berriz atal honetara.
Bechdel testa inspirazio iturri izanik, Christie Aschwanden kazetariak joan den urteko martxoan proposatu zuen Finkbeiner testa. Proposamenak zientzien arloan emakumeei eman dakiekeen tratamendua zuzentzea du xede. Zehazki, testari jarraiki, zientzialari baten inguruko albiste batek sekula ez luke azpimarratu behar: 1) zientzialaria emakumea dela; 2) senarraren lanbidea; 3) seme-alaben zaintzarik edo etxekoak elikatzeko ohiturarik; 4) bere arloko lehiakortasunak eragindako oztopoak; 5) beste emakumeentzako eredugarritasuna; 6) eta ezertan “lehen emakumea” izateko kontua. Aschwandenen salaketa argia da: zientzien kasuan, subjektua emakumea bada, haren generoak erabat baldintzatzen du. “Ez da soilik zientzialari bikaina, emakumea ere bada, hau da, ama edo emazte ere izan behar du” gisako pentsamenduek sorrarazi zioten testa Aschwandeni, gaitza lehenago salatutako Ann Finkbeinerren abizenarekin.
Nire zoritxarrerako, ez ditut gauzak hain argi ikusten. Berdintasunaren definizioan galdu egiten naiz: zer da berdintasuna, zientzialari ororen aurkikuntzak berdin tratatzea edo aurkikuntza hori berori egin duen guraso edo etxeko arduradun ere badenari zerbait gehiago aitortzea? Bigarrenak pentsarazten dit aukera horrek aita edo etxeko gizon ere badiren zientzialari askori mesede egingo liokeela, familiaren gurdiaren iditzat beti emakumea ikusteko joera eteteaz gain… Baina Finkbeiner testa bereziki atsegin dut emakumea dioen tokian beste ezaugarri batzuk jar daitezkeelako: beltza, ijitoa, homosexuala… Bigarren eta hirugarren puntuak kasuaren arabera egokitu beharko dira, baina, hala, erraz ikasiko dugu ezaugarri akzidental batek ezin duela ikuspegi osoa baldintzatu.