Arrakastaz hil

Seguruenik, zuek ere igarri duzue: azken bolada honetan, asko hitz egiten da euskal youtuberren inguruan. Badirudi azkenean hasi dela zerbait mugitzen Internet bidezko euskal ikus-entzunezkoetan.
Baina, ai, ez ote gara beranduegi iritsi! Youtuberren fenomenoaren atzean bada elementu bat oso-oso-oso garrantzitsua: ekonomikoa, hain zuzen ere. Youtuberrak jarraitzaileak milioika lortuz joan diren neurrian, gero eta erakargarriagoak bihurtu dira publizitatea egin nahi duten markentzat, eta horrek gero eta etekin ekonomiko handiagoa ekarri die hala youtuberrei nola Youtube plataformari berari.
Orduantxe hasi dira youtuberrak biderkatzen, eta, noski, ikusleak erakartzeko lehia ere gero eta gehiago gogortzen ari da. Ikusleen arreta lortzeko norgehiagokan, youtuber batzuek, behintzat, eduki ‘zaratatsuaren’ aldeko apustua egin dute, alegia, hautsak harrotzearen aldekoa. Zenbat eta harrotuago, hobeto. Muturreko adierazpenak, matxismoa, irainak... batzuentzat edozer bilakatu da zilegi ikuslearen klikak erakartzeko. Zenbat eta ikustaldi gehiago, orduan eta diru gehiago irabaz daiteke, bideoarekin batera agertzen diren iragarkiei esker.
Baina hara non harreman progresibo hori ustekabean hautsi den. Youtuben iragartzen diren (edo ziren) marka askok ez dute haien irudia eduki iraingarriekin nahastu nahi, eta publizitate kontratuak bertan behera uzten hasi dira. Ez pentsa marka bat edo bi izan direnik, edo kontratu txikiak: bertan behera utzitako kontratuak eta burtsan haien eragina batuta, Googlek 25.000 milioi dolar baino gehiago galdu ditu merkatuko balioan.
Googlek esan du, noski, berehala jarri dela konponbide baten bila. Baina ez dirudi azkar topatuko duenik. Adimen artifizialaz asko hitz egiten ari bada ere, Youtubera igotzen diren milioika bideoak iraingarriak diren ala ez erabakitzeko modu bakarra eskuz begiztatzea da gaur-gaurkoz. Eta Googlek berak ere ez du dirurik horretarako beharko litzatekeen langile kopuru izugarria ordaintzeko.

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/burutu
BurutuStyle-ko lagunek egindako euskarazko Youtube kanalen gaineko gogoeta/bilduma interesgarria.

https://labur.eus/YTBerria
Youtuberren inguruko erreportajea Berrian.

https://labur.eus/YTaiaraldea
Gaiari buruzko hausnarketa Aiaraldea.eus tokiko agerkarian.