Timeline

julenJulen Gabiria

Zure adineko batekin gurutzatu zara espaloian. Zure antza du, zure ibileraren traza, zure estilo bereko janzkera darama. Ez zara zu, noski; haren buruan sartzerik bazenu, ikusiko zenuke zure kezketako bat ere ez daukala, ez zaizkizula bere interesak interesatzen, ezta berari ere zureak, baldin eta existitzen zarela konturatuko balitz. Emakume batekin gurutzatu zara gero; ez bilatu zure arduretan hura hunkituko duen ezer. Gazte bi telebista arrosaz hizketan, ez da hori zure gaia. Ez soilik espaloia: airea ere konpartitzen duzue, hiria, nolabaiteko hezkuntza sistema, gobernua, Historia. Baina ez duzue ezer partekatzen. Nola da posible eurek zu ez ikustea, zuk beraiek ikusten dituzun moduan?
Irratia jarri duzu eta, benetako albisteez gain, entzun duzu, entzun behintzat, Athleticek galdu egin zuela, talde handi baten kontzerturako sarrerak salgai jarri direla; are gehiago, aditu duzu zer den sareak aztoratu dituen azken txorakeria. Bost axola dena, baina entzun dituzu kontu horiek. Gustatuko litzaizuke espaloikide horien aldetik ere hurbiltasun apur bat zurekiko, zure interesekiko; enpatiarik ere ez duzu eskatzen ia, soilik jakin dezaten zu eta zure interesak izan bazaretela.
Zutabe hau irakurtzen duzunean, beharbada bide bazter batean zaude Korrikaren zain. Edo asteak eman dituzu lanean, Korrikak zure eskualdean egingo dituen kilometroak jai giroan joan daitezen. Edo goizaldeko lauretan esnatu zara, seme-alabekin batera, berrehun metro egiteko eurekin. Edo anoraka eta termikoa janzten ari zara, sekulakoa ari duelako botatzen kanpoan. Bazoaz, beraz. Guztia igarotzen denean, eta soinuak furgonetekin eta korrikalariekin batera urruntzen direnean, eta euforiaren azken arrastoak errepide bazterretik apurka lurruntzen hasten direnean, begiratu ingurura: ez zara existitu. Zure timeline-an gertatutako zerbait izan da, ez askoz ere gehiago. Etsigarria dirudi, baina gauza bakarra esan nahi du: bi urte barru ere zapatilak urratzera irtengo garela, hizkuntza ahoan, eskuzabal, oihuka eta kantuka, harik eta zulatu arte honen hurbil ditugun timeline horien harrizko geruza.