“Mutuen” aldarri ozena

euskaraz

Mespretxuari, tinkotasuna. Bidegabekeriari, nahia. Nafarroan euskaraz bizi nahi dutela ozen eta tinko erakutsi zioten Nafarroako Gobernuari, enegarren aldiz, milaka eta milaka euskaltzalek iragan martxoan, Iruñeko kaleak jendez gainezkatu zituen manifestazioan. Horretarako, hizkuntzarekiko jarrera alda dezala eskatu zioten Gobernuari, eta amai ditzala behin betiko etengabeko eraso eta zuzengabekeriak. Zerrenda luzea baita oso: bete ere ez den egiten Euskararen Lege eskasa, euskaltegiei diru-laguntzak ukatzea, euskarazko hedabideak itotzea, D eredua zikintzeko ahaleginak... Euskara Lingua Navarrorum dela ahaztu edo ahaztu nahi duen Gobernuaren jokamolde horiek guztiak salatu eta euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorraren beharra nabarmendu zuten manifestazioan. Euskaraz bizitzeko nahia arras sendoa delako Nafarroan, eta euskaraz bizitzea aldarri izatetik errealitate izatera igarotzea nahi dutelako. Gobernuak “mutu” nahi dituen horiek guztiak ez daudelako isilik geratzeko prest, Gobernuaren gorreria handia izanagatik.