Japonia

Ostiraletan atera lehenago lanetik, faborez

japoniaJaponian ez dute nahi langileek lan gehiegi egitea. Lanaldi luzeak oso ohikoak dira Japonian, baina arazo handiak sortzen dituzte. Hauxe nagusia: urtero, langile askok egiten dute beren buruaz beste gehiegizko lanaren ondorioz. Lan gehiegi egiteagatik hiltzeak izena ere badu Japonian: karoshi. Ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula. Japoniako Lan Ministerioaren arabera, 2015ean 2.159 lagunek egin zuten bere buruaz beste lanarekin loturiko arrazoiengatik. Berez, Japoniako legeen arabera, langileek ezin dute astean 40 ordu baino gehiago lan egin, enpresen eta langileen arteko akordiorik izan ezean. Halere, Japonian kopuru horiek nabarmen gainditzen dituzte. Horrexegatik, Premium Friday (ostiral bikainak) izeneko egitasmoa ipini dute martxan Japoniako Gobernuak eta herrialdeko zenbait enpresa handik. Helburu argia du ekimenak: ostiraletan, langileak lanetik beranduenez arratsaldeko hiruretan ateratzea. Horretarako, ostiral arratsaldetan aukera ugari eskainiko zaizkie langileei: beherapenak saltoki handietan; garagardoa merkeago tabernetan; asteburu pasak egiteko tren bidaia merkeagoak... Herrialdeko enpresa handi askok egin dute bat egitasmoarekin, baina ez denek. Beraz, auskalo zer-nolako eragina izango duen langileen artean. Hori bai, nahiz eta egitasmoak erabateko arrakastarik izan ez, Japoniako ekonomiari on egingo dio. Adituen ustez, adibidez, barne kontsumoa handitu egingo da. Gizartean onurak nabarituko ote diren... beste kontu bat izango da.