Nafarroa

Eremu mistoa zabaltzeko urratsa eman du Parlamentuak

Euskararen Legea aldatzeko proposamena tramiterako onartuta, eremu mistoa zabaltzeari bide egin berri dio Nafarroako Legebiltzarrak. Legearen aldaketa partziala da, eta eremu ez-euskalduneko hainbat herriren eskaerei erantzuteko balio izango du. Indarrean sartzen denean, eremu ez-euskaldunetik eremu mistora pasa ahal izango dira 11 herri: Abaigar, Ameskoabarrena, Antzin, Artazu, Cabredo, Mendigorria, Murieta, Oibar, Villatuerta, Zirauki eta Zuñiga. Noainek ere aukera izango du, baldin eta udalbatzak gehiengo osoz eskatzen badu. Oraingoa aldaketa gauzatzeko lehen urratsa izan da, eta Geroa Bai,  EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren aldeko botoei esker eman dute; UPN, PSN eta PPk, aldiz, kontra bozkatu zuten. Prozedurak pauso gehiago eskatzen ditu, eta azken bozketa egin arte ez da indarrean sartuko. Aldaketa partziala izanik, ez du ezabatuko Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa, eta euskara ez du egingo ofizial lurralde osoan. Halere, txikia izanagatik, euskararen normalizazioan urratsa izanen da.