Zeelanda Berria

ibaiaPertsona juridiko izaera aitortu diote Whanganui ibaiari


Pertsonen antzera, eskubide eta betebeharrak izango ditu aurrerantzean Zeelanda Berriko Whanganui ibaiak. Izan ere, parlamentuak onarturiko lege bati esker, pertsona juridiko izendapena eman diote herrialdeko hirugarren ibairik luzeenari. Halako estatusa lortu duen munduko lehen ibaia da. Zeelanda Berriko maoriek gurtu egiten dute Whanganui ibaia, beraz, oso garrantzitsua da haientzat. “Ni ibaia naiz eta ibaia ni da” esaerak erakusten du zer-nolako esangura duen maorientzat. Whanganuiren kasuan, aspaldiko eskaera bat bete dute, maoriak 1870. urtetik aritu izan baitira pertsona juridikoa izan dadin aldarrikatzen. Orain, Zeelanda Berriko aborigenen sinesmenak eta herrialdeko legedia uztartu dituzte erabaki aitzindari honetan. Hemendik aurrera eskubide eta betebeharrak izango dituenez, edozein pertsonaren antzera babestu ahal izango ditu ibaiak bere eskubideak epaitegietan. Hori bai, ordezkari bi izango ditu: estatuaren eta maorien ordezkari bana. Izendapenarekin batera, 52 milioi euroko ordaina jasoko dute maoriek, baita beste 19 milioi euro ere ibaiaren egoera hobetzeko.