Osasuna

txoriakBizilekuaren inguruan hegaztiak ikustea ona da gizakiontzat

Etxeko leihotik kalera begiratu eta txoritxo ugari ikusten badituzue, zorionekoak zuek! Gure buru osasuna hobe dezakete, Exeter-eko Unibertsitateko (Erresuma Batua), British Trust of Ornithology elkarteko eta Queensland-eko Unibertsitateko (Australia) ikertzaile talde batek jakinarazi duenez. Depresioa, antsietatea edota estresa jasateko joera txikiagoa dute hegazti, zuhaitz eta zuhaixka ugariko auzuneetan bizi diren pertsonek. Adin, jatorri eta maila sozioekonomiko ezberdinetako 270 lagunen buru osasuna aztertu dute ikertzaileek. Besteak beste, elkarrizketak eginez. Bada, elkarrizketa egin aurreko astean aire zabalean ohi baino denbora gutxiago egon zirenek antsietate eta depresio zantzu gehiago agertu zituzten. Ikertzaileen ustez, horrek erakusten du naturak eragina duela buru ongizatean. Hori bai, txorien eragin onuragarriak baditu bere berezitasunak. Esaterako, inguruneak ez duela eraginik. Hau da, hirigunean bizi edo hortik kanpo bizi, eragin positiboa berbera da. Era berean, txori motak ere ez ei du eraginik: berdin dio zein espezietakoak diren, kontua omen da ahalik eta txori gehien ikustea etxe inguruan. Horrez gain, arratsaldez ikusten badira, askoz hobe. Depresio, antsietate eta estres mailarik txikienak faktore horiekin lotu dituzte: arratsaldez eta txori asko ikustearekin. Segur aski, ondorioak eztabaidagarriak irudituko zaizkio askori. Egunero etxeko teilatuan kaio saldoak kurrixka betean edota uso samaldak urruka etengabean izaten dituztenek zer pentsatuko ote dute?