Jendeari kantatzeko beharra daukat

maiderMaider, musikaria
Musikatik at hamahiru urte igaro ostean, Zuei (Elkar) diskoarekin itzuli da Maider Zabalegi (Oiartzun, 1976) musikaren plazara. Alaitz Telletxearekin batera osaturiko Alaitz eta Maider bikotearekin ibili arrakastatsua izan zuen XX. mendearen hondarrean eta XXI.aren hasieran, harik eta 2004an azken kontzertua eman zuten arte. Lanbidez irakaslea, “oso ilusionatuta” ekin dio bakarkako bideari, musikari eskarmentudunen laguntzarekin: Karlos Aranzegi, Urbil Artola, Dani Venegas... Martxoan hasi zen kantu intimistez osaturiko diskoa kontzertuetan aurkezten.

Zuei. Nortzuei?
Diskoan eskertzak jartzen hastean, horrenbeste pertsona nituen eskertzeko! Konturatu nintzen bizitza honetan pertsonei eskertzen dizkiedala gauzak, baina baita beste gauza askori ere: egoerak, usainak... Erreka bazter batean, uraren soinua eskertu egiten dut eta! Gauza pila bat, egunerokotasunean. Hortaz, Zuei, bizitzan eskertzen ditudan gauza horiei guztiei.
2004an utzi zenuen musika. Zerk bultzatu zaitu berriz ere horretara?
Zeharo utzi ere, bai. Harrezkero, dolu prozesu batzuk izan ditut, eta horietako batean, aitona hilzorian zegoenean, berriro gitarra hartzeko beharra sentitu nuen. Melodia bat sortzen hasi nintzen, eta justu bera hil zenean gitarra hartu eta kantua jo nuen, osorik. Baina ordura arte ez nintzen gai izan. Kuriosoa da: zendu zenean sentitu nuen bakea, edo zerbait oso berezia, eta orduan hasi nintzen beste umetxo bat edukiko banu bezala: goizaldean esnatu eta konposatu eta konposatu... Gauza asko mugiarazi zizkidan horrek guztiak. Heriotza hura eta... Baina oso gauza baikorra bezala bizi dut. Orain, begiratu eta esaten dut niretzat bizitzaren opari bat izan dela, ikaskuntza bat.
Amagoia Ibani hitzak lapurtuta: “Dolu batetik etorritako jaiotza” da diskoa.
Bai, dudarik gabe. Bizitzan, denean bezala, gauza batzuk bukatu eta beste batzuk sortzen dira. Horixe da bizitza, azken finean. Amonaren heriotzarekin ikusi nuen: amona hiltzen ari zen prozesu horretan, haurdun nengoen, beste bizitza bat neukan barruan. Oso txundigarria izan zen. Agur batean nengoen eta, aldi berean, bizitza bat nuen sabelean. Ondoren, aitonarena ere horixe izan zen. Haren heriotzak balio izan dit beste ate bat irekitzeko, eta iruditzen zait bestela ez zela irekiko.
Musikak sentimendu asko azaleratzea ahalbidetu dizu.
Bai. Niretzat musika terapia da. Triste nagoenean, barruan dudan hori kanporatzeko erreminta dut.  Euforia, poz eta ilusio handiarekin nagoenean ere erabiltzen dut.
Alaitzek bi kantutan hartu du parte. Ezin bestela izan?
Ez. Bizitzan, gure inguruko zenbait pertsona funtsezkoak dira guretzat, oso inportanteak. Niretzat, Alaitz beti izan da horietako bat, txiki-txikiak ginenetik. Egun ere badakit hortxe dagoela, denerako. Jakinda hain pertsona garrantzitsua dela eta, gainera, trikitiari zerbait berezia ateratzeko dohaina duela, bai edo bai egon behar zuen.
Oholtzan, bakarrik izango zara taldekideekin. Bertigorik?
Bai. Batzuetan pentsatu izan dut: “Non sartzen ari naiz?”. Baina gero, era berean, badago zerbait, indar bat, indar berezi bat, esaten didana: “Aurrera!”. Gainera, plazaratu eta jendeari kantatzeko beharra daukat.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Bizipozak, eta eguneroko memento txiki-handiek.
Eta tristatu? Une honetan, errefuxiatuen egoerak, pairatzen ari diren egoera oso gogorra egiten zait.
Zerk eragiten dizu barrea? Gauza pila batek.
Eta negarra? Oroimenek.
Zerk haserrearazten zaitu? Goseak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Pianista eta abeslaria.
Eta orain zer ez zenuke izan nahi? Besteei mina eragingo dien edozer.
Bizio bat: Nahiago niretzat gorde!
Kantu bat: Mikel Errazkinen Hilargi non zaude?.
Talde bat: Nanci Griffith.
Kontzertu bat: Noa Kursaalen, oso konpainia onean joan nintzelako.
Eñaut Mitxelena