Etxeparek ostia bat edo besarkada bat emango lidake

epeldeImanol Epelde, blogaria

Lanbidez Euskara eta Literatura irakasle, blogen, musikaren eta letren bueltan hainbat ekimen ditu martxan Epeldek (Zarautz, 1977) – 27zapata blogean (http://www.27zapata.com/), poesia eta bestelako gaiak lantzen ditu aspalditik, eta Etxepare Rap blogean (http://www.argia.com/blogak/etxepare-rap/) zenbait euskal idazle klasikoren (Etxepare, Oihenart, Bilintx, Mirande...) testuak rap doinuetara egokitu ditu berriki, bere ikasleentzat erakargarriagoak izan daitezen – Sortzea eta hitzekin jolastea gustuko du: gaztetan bertsotan ibilia, rapzalea, SKT Sekuentzia taldean abeslari izana, Komuneko paperean poesia argitalpen eta ikuskari bereziaren egilea da, besteak beste – Euskal klasikoen rap moldaketak zuzenean eskainiko ditu maiatzetik aurrera EtxeRAPer ezizenarekin

Jakintsua da astoa, makila du maisua”. Makila baino hobe, musika?

Dudarik gabe. Gaur egun gutxik defendatzen dute zorroztasun edo zurruntasunarena. Zurruntasuna behar da, baina goxotasuna ere bai. Hezkuntzan, nire ustez, jakin-minaren sua, gauzak sortzeko grina, piztea da gakoa; ikaslea ez izatea jakintzaz bete beharreko ontzia. Alde horretatik, musika baliagarria dela uste dut, erakargarria delako, atsegina, ludikoa izan daitekeelako, eta ikaslearengan gauzak modu samurrean ikasteko irrika sor dezakeelako.

Ikasleen erantzuna nolakoa izan da?

Ona, diferentea delako. Eta kantu bat entzutea atsegina delako, ludikoa. Gainera, rapa gertukoa zaie gehientsuenei. Musika gaztea da, asaldaria berez Hori asko eskertzen dute.

Etxeparek burua altxatuko balu...

Ostia bat edo besarkada bat emango lidake, kar-kar! Agian besarkada, uste dudalako bere diskurtsoa airatu dudala. Gaur egun ere bere aldarrikapena gogoan eduki eta eguneratzea, nik uste begi onez ikusiko lukeela. Bere musikazaletasunaren arabera... bada, igual nahiagoko luke beste erritmo batzuetan, cumbian edo zortzikoen neurrian, adibidez, kantatzea, baina niri hala atera zait.

Sinestezina: gramatikari baino, beldur handiagoa omen diote literaturari zure ikasleek.

Bai, baina hala da. Gogorra da. Azkenean, gramatika, zaila izan arren, mekanika da eta lehenago edo beranduago bereganatu egiten da. Baina bai literatura ikasteari, bai irakurtzeari, beldur handia diote. Beraz, erakargarria egiten saiatzen naiz. Nik uste irakurtzen erakusten ere beste ahalegin bat egin beharko genukeela. Gaur egungo jendartean, eta hezkuntzan ere bai, gehiago baloratzen dira natur zientziak edo matematikak, gizarte zientzien kaltetan. Nire ustez, giza zientziek edo arteak gure burua hobeto ezagutzen eta mundua hobeto ulertzen erakusten digute. Askoz ere definizio zehatzagoa da poema bat formula matematiko bat baino.

Euskal literatura garaikideari zer soinu-banda ipiniko zenioke?

Musika dantzagarri eta dibertigarria aukeratuko nuke, umorezko zerbait. Musika jolastia; horretatik asko falta zaigula uste dut. Oso umore gutxi sumatzen dut euskal letretan. Twitterren-eta umore handia dago, baina paperezko literaturan seriotasun gehiegi.

Kontu intimoak sareratu ohi dituzu 27zapata blogean. Ez al dizu erreparorik ematen?

Nik aldarrikapen hau egingo nuke: gure gauza intimoez gehiago hitz egitea, denok. Uste dut asko daukagula elkarrengandik ikasteko, eta nahikoa da beti erakusleiho ederra bakarrik erakusteaz. Negar egiten dugu, barre egiten dugu, sufritzen dugu, mina sentitzen dugun animaliak gara. Zergatik, orduan, horiek ezkutatu? Horiek guztiak azaltzearen aldekoa naiz, eta, nire iritziz, min hori edertasun bilakatzean dago literaturaren funtsa. Horretan ahalegintzen naiz.

Abestu, irakasteko; idatzi, terapia egiteko?

Terapia egiteko ere bai, ondo pasatzeko ere bai, eta sortzea beti delako ederra.

Egunerokotasunean, gauza txikietan dagoen poesia aldarrikatzen duzu.

Bai. Azkenean, begiratua da eder egiten duena. Ez idazteko bakarrik, bizitzeko ere bai. Txikitasun hori, eguneroko edozein huskeria bihur liteke eder edo esangarri, begiratuarekin asmatuz gero.

Bloga, komuneko papera... Sortzea da kontua, euskarria barik?

Bai. Sortzea, probatzea, jolastea. Jolastea, poema batean esaten nuen moduan, “umeak jolasten diren bezain serio”. Goazen bizitzera jolastera!

Teknologia berriak eta sorkuntza. Zer nota euskaldunontzat?

Nahikoa altua, baina seguruenik Oso Ongirik gabe, momentuz. Ahaleginak egiten ari gara. Nik uste oraindik ere zer probatu eta zer jolastu asko dagoela. Pantaila antzeztoki bihurtu da, eta antzeztoki horretan hitzen, irudien, soinuen... horien guztien arteko konbinazioekin sor litezkeen obrak asko dira. Seguruena ere, elkarlan handiagoa falta zaigu. Uste dut Oso Ongiak horrela lortuko ditugula.

Eta hezkuntzari dagokionez?

Oraindik beldur handia zaio teknologiari. Ausartagoak izatea falta zaigu, esperimentatzeko gogo eta irrika handiagoa. Beldurra dago eremu ezezaguna zaigulako. Askotan, ikasleek aurrea hartzen digute, eta hori irakasle batentzat eramangaitza da. Nire ustez, teknologiei dagokienez, hezkuntza da alor estankoena, blokeatuen dagoena.

Belaunaldien arteko arraila asko sumatzen al da?

Kontua da, orain, irakasleok ere ikastera joan behar dugula ikasgelara, ez erakustera bakarrik. Hor dago txip aldaketa. Baina hori aberasgarria da. Hortaz, ez du zertan arrakalarik egon. Eta, baldin badago, izan dadila elkar aberasteko, elkarrengandik ikasteko.

Nolakoa izan behar du XXI. mendeko irakasleak?

Ikaslearen parean egon behar du. Irakasle baino gehiago, hezitzaile izan behar du. Gidari lana egin, bidelagun izan ikaslearen aldamenean, eta ez ikaslearen gainetik.


DI-DA BATEAN

 

Zerk alaitzen dizu eguna? Jendearen irribarreak.

Eta zerk tristatu? Egunkarietako berrien % 95ek.

Zerk eragiten dizu barrea? Sinpatiak.

Eta negarra? Joandakoen hutsuneak.

Zerk haserrarazten zaitu? Gauzak ondo ez egiteak.

Eta zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Gauzak ondo egiten ez jakiteak.

Bizio bat: Momentu honetan, bizkotxoak.

Zer izan nahi zenuen txikitan? Misiolari.

Eta orain zer ez zenuke izan nahi? Autopistako ordainlekuko langilea.

Musika talde edo bakarlari bat: Mala Rodriguez.

Idazle bat: Enrique Vila-Matas.

Liburu bat: Voltairen Candido.

Kantu bat: Mala Rodriguezen azkeneko kantua. Quién manda aquí.