20. Korrika munduan zehar

nazioarte

Zenbat aldiz errepikatu ote dugu 20. Korrika Otxandion abiatuko dela martxoaren 30ean. Eta Iruñean izango duela bukaera apirilaren 9an? Auskalo! Dagoeneko jakina da hori. Alabaina, Euskal Herria zeharkatuko duen 20. Korrika “nagusi” edota “ofizialari” adarrak atera zaizkio mundu osoan zehar: beste 40 bat Korrika egingo dira Europa, Amerika, Asia eta Ozeania artean. M. Egimendi.

Horietatik 12 Korrikaren eta Etxepare Institutuaren arteko lankidetzari esker antolatu dira, Institutuak nazioartean dituen irakurletzetako irakasleek eta ikasleek bultzatuta, inguruan bizi diren euskaldunekin batera: Chicago (AEB), Santiago (Txile), Mexiko Hiria (Mexiko), Brno (Txekia), Budapest eta Szeged (Hungaria), Cork (Irlanda), Edinburgh (Eskozia), Helsinki (Finlandia), Leipzig (Alemania), Liverpool (Erresuma Batua) eta Venezian (Italia).
Gainera, Korrika gaia landuko dute Etxepare Institutuaren ardurapean 18 herrialdetako 34 unibertsitatetan ematen diren eskoletan. Eskolen helburua da euskararen eta euskal kulturaren ezagutza eta prestigioa nazioartean sustatzea. Hortaz, bideo lehiaketa ere antolatu dute mundu osoko ikasleek #BatZUk mezuarekin bat egin dezaten, haien hirietako txokoak erakusten dituzten bitartean. YouTuben atsegin dut gehien jasotzen dituenak irabaziko du. Saria izango da egonaldi bat AEKren barnetegi batean, euskararen ikaskuntzan sakondu eta euskal ohiturak ezagutu ahal izateko.
Nazioarteko gainontzeko Korrikak, ostera, hainbat hiritako Euskal Etxeek edota Euskal Herritik urrun bizi diren euskaldunek sustatu dituzte, azken horiek elkarteetan bilduta egon ala ez. Hala gertatu da, esaterako, Liman (Peru), Sao Paulon (Brasil), Necochean (Argentina), Bartzelonan, Mallorcan eta Valentzian (Herrialde Katalanak), Bordelen, Toulousen, Parisen eta Marseillan (Frantzia), Dublinen (Irlanda), Madrilen (Espainia), Londresen (Erresuma Batua), Sydneyn eta Melbournen (Australia), Kaledonia Berrian... Halaber, Buenos Airesko (Argentina) Euskal Echea eskolak Korrika txikia antolatu du aurten ere (euskara ikasgai arautua da eskola horren curriculumean). Aipatzekoak dira, orobat, Samsara Nepaleko Garapenerako Lankidetza Elkarteak Korrikaren inguruan antolatu dituen bi korrikaldiak (Lalitpur eta Nuwakot-en). Horietan, jakina, umeak izango dira protagonista.

Denok Iruñera!

20. Korrikaren amaierak festa giro ederra hedatuko du Iruñeko karriketan, festa giro euskalduna. Jai guneak zabaldu aurretik, baina, lekukoak azken 70 kilometroak egingo ditu Iruñerrian barna. Azkena, Sarasate pasealekuan, hamabi eta erdietan. Hantxe irakurriko da 11 egunez lekuko barruan eskuz esku ibilitako mezua.

Amaiera ekitaldiaren ondoren egingo du eztanda jaiak, 13:00 aldera. Horretarako irekiko diren guneetan, mundu guztiak izango du lekua. Hala, esate baterako, Labrit frontoian bertso bazkaria eginen da Alaia Martin eta Miren Amuriza bertsolariek girotuta, eta ondoren Dantzaro taldeak dantzan jarriko ditu bertaratzen diren guztiak.
Bestalde, Baratxurien plazan kokatuko da familien gunea, eta bertan zirkuaz, musikaz edota magia ekitaldiez gozatu ahal izanen dute haur eta heldu guztiek. Zirika Zirkusek irekiko du gunea, 13:00ean, Txarlestrup ikuskizunarekin. Gero, Hodei Magoaren Ilusioaren indarra ikuskizunarekin familia osoak disfrutatu ahal izanen du, eta guneari amaiera emateaz Kiki, Koko eta Moko arduratuko dira, berbena alai batekin. Hala ere, berbena hasi aurretik, oreka jolasak, globoflexia tailerrak edota jostailu birziklatuak eginen dituzte umeek, Dindaia Fundazioaren laguntzarekin. Gainera, bertatik ez oso urrun, puzgarriak eta ludoteka izanen dira.
Antoniutti parkean egonen da beste gune bat. Bertan, 13:00ean hasita eta 21:30era arte, hainbat musika talderen kontzertuez gozatu ahal izanen dute Korrikazaleek, hango agertokian joko baitute talde hauek: Altxatu, Hibakusha, Gatibu, Sorkun, Maider eta Trikidantz. Alde Zaharrean barrena ere hainbat gauza eta gunetxo egonen dira, hala nola, artisau azoka San Nikolas plazan edota Errigora azoka San Frantzisko plazan. Kontzertuak Karmen kaleko txokoan ere egonen dira: Zartako-K taldeak emanen dio hasiera arratsaldeari, tartean Trikiteens taldea ariko da eta, bukatzeko, DJ Bull egonen da.
Horiez gain, Udaletxe plazan Joaldunen Topaketa ikusi ahal izanen da 13:30ean, eta Alde Zaharreko kaleetan zehar txarangak, fanfarreak eta bestelako animazioak ibiliko dira joan-etorrian. Baratxurien plazan eta Antoniuttin, ekitaldiez gain, bestelako eskaintzak ere egonen dira: jatekoak, edatekoak, Korrika Denda, Tonbola...


SARASATE PASEALEKUA
12:30 Lekukoari ongi etorria
   
LABRIT FRONTOIA
14:30 Bertso bazkaria: Miren Amuriza eta Alaia Martin
17:30 Dantzaro taldea

BARATXURIEN PLAZA
(familien gunea)
13:00 Puzgarriak eta Ludoteka Kaikuren eskutik
13:15 Zirika Zirkus: Txarlestrup
15:00 Hodei Magoa: Ilusioaren indarra
16:00 Dindaia tailerrak
18:00 Kiki, Koko eta Moko: Katapun Txispun Festa

ANTONIUTTI (kontzertuak)
13:00 Altxatu
14:15 Gatibu
16:00 Hibakusha
17:20 Maider
19:00 Sorkun
20:30 Trikidantz

KARMEN KALEKO TXOKOA (kontzertuak)
16:00 Zartako-K
18:00 Trikiteens
20:00 DJ Bull

ALDE ZAHARRA
13:30 Joaldunen Topaketa Udaletxe plazan
13:30-20:00 Kale animazioa

ERRIGORA AZOKA
13:00-17:30 San Frantzisko plaza

ARTISAU AZOKA
11:00-19:00 San Nikolas plaza

Hedabideen arteko elkarlana

20. Korrikak behin eta berriz nabarmendu ditu elkarlanaren beharra eta indarra, helburuak guztion artean lortzeko tresna gisa. Bada, euskal komunikabide batzuek beren jardunean txertatu dute Korrikaren mezu hori. Ondorioz, 19. Korrikan Urepeleko irteeran eta Bilboko amaieran egin zen moduan, zenbait telebista elkarrekin ariko dira Otxandion, zuzeneko emanaldia eskaini eta 20. Korrikaren hasiera Euskal Herri osora zabaltzeko: Euskal Telebista, 11 Telebista, Kanaldude, Berria TB eta Tokikomeko Goiena TB. Gauza bera gertatuko da Iruñean, baina han Xaloa TB gehituko zaie. Horien artean, aipatzekoa da Kanaldudek eta 11 Telebistak elkarrekin egingo dutela egunero iluntzeko zazpietan emitituko duten saioa.
Orobat, hainbat irratiren arteko lankidetza ere izango da 20. Korrikan. Otxandion, Euskadi Irratia, Bizkaia Irratia, Euskal Irratiak, Euskalerria Irratia eta Arrosa Sarea egongo dira. Iruñean, berriz, aurretik aipatutakoez gain, Eguzki Irratiak jardungo du Arrosa Sareko irratien bidez seinalea hedatzen. Aitzakiarik ez, hortaz, Korrikaren berri zuzenean ez jasotzeko.