Iletegia, lekukoa balioesten

iletegia

Artileak behinolako balioa galdu du. Ondorioz, Sarako Iletegia enpresak egoera hori irauli eta garrantzia itzuli nahi dio artileari. Graxi Irigarai.

2014an abiatu zuten proiektua Aña Andiazabalek eta Aitor Zubiagak, Saran. Ofizioa batere ezagutu gabe, Euskal Herrian bizitzeko eta lan egiteko, euskaraz egin ere, xedearekin elkartu ziren, artilezko produktuen enpresa baten sortzeko. Haien balioak eta gogoa josi zituzten Iletegia izeneko enpresa eratzeko, Ipar Euskal Herriko artilea balioetsi behar zela ohartu ondoren. Geroztik, lanean hasi eta matalaz, bururdi eta estalkiak egiten hasi ziren, artileari bizi berria emanda, kalitatezko eta lekuko ekoizpenak eskaintzeko.
Aña Andiazabal saratarra da, laborarien alaba eta informatikari ohia. Aitor Zubiaga, berriz, Legazpikoa da, eta gehienbat eraikuntzan egin izan du lan. 2014an ezagutu zuten elkar Sarako Herriko Bozen prestaketan, eta gerora asmoa sortu zitzaien elkarrekin proiektu baten abiatzeko. Aitorri, gaia herriko laborari gazte batekin aipaturik, artilearen lantzeko ideia hozitzen ari zitzaion eta Añari proposatu zion. Sobera berriz pentsatu gabe, horretan lanean hasi ziren biak.
Artileari balioa itzuli
Gaur egun, Ipar Euskal Herrian 400 tona artile mozten dira urtean, baina artile hori ez da ongi saldua: salmentak ez du estal-tzen ardiari ilea mozteko gastua. Artile hori edo merkeegi saldua da, edo bota egiten da, edo errea da. Diagnosi hori izan zuten abiapuntu adiskide biek. Nola balioets zitekeen lehengaia eta zer lanbide sortu harekin? Zer egin zitekeen laborarien lana behar bezala ordaintzeko, eta nola erabili materiala? Agertu zitzaien, orduan, milaka aukera zituztela artilearekin.
Añak honela dio: “Artilea lehengai gordina da, eta harekin beste materia batzuk egiten dira: feltroa, haria, arkume-larru ondua, artile soltea... Horiekin beste hainbat bide irekitzen zaizkizu:feltroa oihal bihurtzen ahal da, arropak egiteko. Izan daiteke isolamendua, baita ongarria ere”.
Eskualdean egiten zena berriro egiten hastea erabaki zuten. Matalazek artile ainitz eskatzen dute; beraz, egokiak ziren artilea balioesteko. Horrez gain, beti egin izan dira Euskal Herrian, eta horrekin hasi ziren. Tokiko artilezko matalazak ziren erabiliak etxeetan, baina industrian kotoizkoak; ondotik, sintetikoekin ordezkatu zituzten, jendeen buruan sartu arte etxekoa ez zela ona. Aitorrek azaldu du baserrietan bertan ere baztertu egin zutela lehengaia: “Baserri batzuetan, kasik borrokan aritu behar izan dugu artilea pagatu ahal izateko. Horrenbesteko mespretxua egin zaionez artileari, laborariek sinetsi egin dute”.
Ofizio baten ezagutza
Matalazak, bururdiak eta estalkiak nola egin ikasten hasi ziren, beraz. Orduan, mundu berri baten ezagutza egitea zuten erronka bi adiskideek: artilearena. Euskal Herrian garai batean izandako jakintzak eta materiala berreskuratu nahi zituzten. Helburu horretatik abiaturik, ofizio batekin egin dute topo, egiazko lanbide liluragarri batekin. Aña Frantziako artile eskola batera joan zen bere artilearekin, eta ikasi zuen bururdiak eta estalkiak egiten; Aitorrek, ostera, matalaz egile profesional batzuengandik ikasi zuen, Angelun eta Ezpeletan. Ez zaie saltze argumenturik eskas, egiazko pasioa piztu zaiela baitirudi. Naturala, produktu kimikorik gabekoa, isolatzailea eta bertakoa; horrez gain, lepoko hezurretarako eta bihotzerako ere onurak omen dituzte haien ekoizpenek. Beren lanak berriz kontzientzia hartzeari oihartzun egiten diola uste dute, lekukoaren eta naturalaren beharrari erantzunda.
Euskal Herrian merkatua jada badela pentsatzen dute sortzaileek. 2016an hasi ziren produktuen saltzen, Senperen, Ainhoan eta Biarritzen, baita Interneten bidez ere. Biarritzeko laborantza iraunkorraren Lurrama azokan izan dute saltoki handienetariko bat: “Salmenta aldetik ona izan zen, baina baita ere jendearen interesa eta jendearen harrera produktuei. Artilea ezagutzen zuten laborarien hitza entzuteko aukera ere izan genuen”. Añak gehiago zehaztu du: “Laborariei zer egiten ahal den erakustea ere inportantea da. Harrituak dira ikusirik kalitatea egin daitekeela horrekin”. Garapena ikusten dute jendeen kontzientzietan, eta sinesten dute badela jendea hori erosten duena: laborantzan kontzientzia eta interes jatorra dituena, produktu onak eta bertakoak nahi dituen jendea.
Sail bat sortu beharrean
Alde batetik, egonkortasun bila dabiltza Aña eta Aitor, baina ez dute hastapeneko xedea ahanzten: artilea balioestea. Feltroa, haria, ongarriak… ekoizten dituzte, artileak eskaintzen dituen aukera guziak. Helburua ez dute beren lana sortzea soilik, baizik eta Euskal Herria berriz tresnez eta jakitatez hornitzea. Azpiegiturak Euskal Herrian ezarri nahi dituzte berriro, dena Euskal Herrian kontrolatua izateko gisan: “Jartzen baditugu tresnak Ipar Euskal Herrian edo Euskal Herrian, etxalde batean laborari batek bere haria egiten ahalko du. Aukera ematen ahalko genuke laborarientzat ere, edo, zergatik ez, artisau batentzat, gehigarri baten egiteko”.
Horri buruz gogoetatzeko eta horren alde lan egiteko, laborariekin batera elkarte bat eratzen ari dira.
Aitorrek honela azaldu du: “Beti esan dugu gure helburua ez dela bakarrik egotea. Atzetik datozenentzat lan polita eginen dugu”. Izan ere, Añak oroitarazi duenez,  “gure helburua artilea balioestea da, eta aski ongi dakigu bakarrik ezingo dugula egin: 400 tona dira bakarrik Iparraldean”.