Ezina ekinez eginaren herria

nafarroa

Urte gogorrak bizi ditu Nafarroak. Krisiaren munstroa esnatu zenetik, bidean aurkitu duen guztia suntsitu du. Herri txikietan, gainera, piztiak bi buru ditu: ekonomikoa eta demografikoa. Alabaina, azken urteotan bestelako gizarte batekin amets egiten duten proiektuak jaio dira, herrien garapena bultzatzea helburu. AIZU! aldizkariak gertutik ezagutu ditu horietako zenbaitzuk, Sakana, Basaburua, Lizarra, Pirinioak eta Goizuetara bisita eginda. Arkaitz Almortza.

 Sakana ehuntzen

Krisiaren munstroak gogorki zanpatu du Sakana. Lurraren kontra emandako kolpe bakoitzarekin, enpresa handi bat erortzen zen, eta, domino piezen antzera, bata bestearen atzetik asko. Datuak ikaragarriak dira: orotara, 2.000 lanpostu desagertu dira eskualdean, eta langabezia tasa % 25ekoa zen 2012an.
Egoera, hasieratik, ez zen batere samurra. Horregatik, 2008an, bizilagunak elkartu eta Sakanako krisiaren mahaia sortu zuten. Euskal Herrian nekez ikus daitezkeen argazkietako bat lortu zuten: alderdi politiko eta sindikatu guztiak, eragileak, udalak... denak batu ziren egoerari aurre egiteko. Helburu bakarra zuten mahai gainean: Sakanan lan egiteko eta bizitzeko aukerak sortzea.
Hori dela eta, sei puntu adostu zituzten: horietatik hiru, sakandarren erantzukizuna; gainerakoak, berriz, orduko Nafarroako Gobernuarenak. Besteak beste, plan estrategiko bat sortzea, Sakanako garapen agentzia zabaltzea eta mugimendu soziala (Sakantzen sarea) eratzea onartu zuten. Gobernuak ez zuen bete eskatu zitzaiona. AIZU! aldizkaria Sakantzen sareko kide Jon Etxeberriarekin egon da: “Garbi genuen Nafarroako Gobernuak ez zuela ezer egingo eta guk hasi behar genuela Sakana mugitzen, gure esku baitago eskualde honen etorkizuna”.
Sarea josteko, erakundeen eta herrien arteko kohesioa indartu zuten. “Sakanak mugimendu bateratua behar zuen”. Ideia hori oinarri sortu zen dinamika. “Ikusi genuen eskualdeko entitate, eragile, pertsonak, enpresak… aktibatuz gero, gai izango ginela Sakanako langabezia arazoari irtenbidea bilatzeko”. Horiek horrela, buru-belarri jarri ziren lanean, eta hainbat ekintza antolatu zituzten herritarrei begira, haien ideiak eta proposamenak jasotzeko. Lan ildoak sortu zituzten turismo, enpresa, nekazaritza, hezkuntza eta musikaren alorretan. Ideiak garatu eta plan estrategikoan jaso zituzten. Bi urte baino ez dira igaro ordutik, baina dagoeneko hainbat proiektu abiatu dituzte, hala nola, Sakanako merkatarien elkartea, turismoari dagokiona eta abeltzainena. Plan estrategikoa, abian jada, herriak eta herriarentzat eraikia dago. Madrilgo Unibertsitate Europarrak saria eman dio sareari.

 Basaburua, ekimen soziala

Despopulazioaren munstroa urrats erraldoiak egiten ari da landa eremuan. Basaburuan, esaterako, gero eta jende gutxiago zegoen. “Batetik, abeltzaintza ustiategiak gero eta gutxiago ziren, eta, bestetik, gazteak kanpora joaten dira ikastera, eta han errotzen dira” azaldu diote aldizkariari bailarako bizilagun Irantzu Perezek eta Laura Martinezek. Egoera benetan kezkagarria zen. Hala, Aritzaleku herrian etxebizitzak eraikitzeko aukera suertatu zitzaion orduko udalari. Horrenbestez, gazteak bertan geratzeko eta kanpokoak erakartzeko parada izan zuten.
Hein handi batean, despopulazioa baretzeko neurriek eragina izan dute azken hamar urteotan, baina bertan lan egin ahal izatea bihurtu da erronka nagusia, batez ere emakumeentzat. Halako batean, udalak haranerako denda bat sortzeko aukera eskaini zuen Jauntsaratsen (herriburua), kudeaketa lehiaketa bidez esleituta behar zuten. Garai hartan, Martinezek eta Perezek Aizarozko ostatuan egiten zuten behar.  Erronka berriei aurre egiteko prest, Ernaizu ekimen sozialeko kooperatiba sortu, lehiaketara aurkeztu eta irabazi egin zuten: Apeztegiberriko denda eta ostatua zabaldu dituzte. “Hastapenak oso gogorrak izan ziren, inork ez baitzuen konfiantzarik gugan” diote irribarretsu. Madrildik saria jaso du ekimenak.
Dena den, jo eta su lan eginez, proiektua aurrera ateratzea lortu dute, eskualdearen garapenari ekarpena eginda (14 langile daude, gizon bakarra): “Oso txoko atsegina sortu dugu, bailarako herrien arteko kohesioa indartzeko balio izan du, eta euskara eta euskal kultura sustatzen ditugu. Gazteak etorri zaizkigu lan eske. Hori ona da, izan ere, hemen lan egiten badute, gehiago errotzen dira bailaran”. Beste erronka bat dute orain esku artean, Orokietako ostatua ere kudeatzen baitute. Han roomescape jolas gela bat ere zabaldu dute. 

Lizarra, gazteak burujabe

Gazteek sufritu dituzte, beharbada, krisiaren ondorio larrienak. Egoera latza izanik, 2013an, Lizarrako 20-25 gazte irtenbide bat bilatzeko elkartu ziren. Guztiak zeuden langabezian edo baldintza prekarioetan lanean, eta denek zuten amets bera: Lizarran lan egitea eta bizitzea, eta hala herria bera garatzea. Horiek horrela, Beñat Etxabarri bizilagunak (Nazioarteko Merkataritza Zuzenbidean lizentziatua) kanpoan ezagutu zituen enpresa eredu batzuk Ega ibaiaren hiriburura eramateko ideia aurkeztu zuen. Pertsonei ahalmena ematen dieten proiektuak ziren. Gazteek ongi hartu zuten proposamena eta, hainbat bilkura egin ostean, Denendako dinamika sortu zuten, hau da, proiektuok garatzeko lantaldea. AIZU! aldizkariak Uztaldi eta Mugitu ezagutu ditu.
Uztaldi izan zen dinamika horretatik sortu zen lehenengo egitasmoa. Nekazaritza maite duten gazteek osatzen dute. Zuzeneko salmenta sustatzen dute, hots, produktu ekologikoak zuzenean doaz baratzetik bezeroaren saskira. Nekazaritza kultura indartzea dute xede. “Hasiera nahiko gogorra izan zen, baina denborarekin ikusi dugu posible dela. Oso garrantzitsua da zure buruarengan konfiantza izatea. Argi dago: nahi baduzu, lortuko duzu” diote Gorka Igual eta Borja Etxeberria mikrokooperatibako nekazariek. Horren isla da Uztaldik hiru urte hauetan izandako bilakaera. Herri erdian lortu zituzten lursail batzuk lantzen hasi ziren, eta orain beste bi eremutan dituzte baratzeak. Kontsumo taldeak sustatu dituzte eta Lizarrako kale nagusian denda bat zabaldu dute beren produktuak saltzeko, baita inguruko ekoizleenak ere.
Mugitu da Denendako dinamika osatzen duten proiektuetako beste bat. Mikrokooperatiba honek aisialdia eta natura uztartzen ditu. Pauso txikiak emanez hasi ziren lanean, eta egun 600 metro koadroko lokala dute Lizarran, rokodromoa eta guzti. Besteak beste, eskolaz kanpoko jarduerak antolatu, taldeentzako saioak (eskalada, piragua, arroilak…) prestatu eta gauzatu edota Estellerriko kanpinen aisialdi zerbitzuak kudeatzen dituzte. Azkar hazi da proiektua bi urte hauetan. Ilusioz eman dio horren berri Asier Urzelai gazteak aldizkariari. “Oso zirraragarria izan da. Besterentzako  lan egitetik gure erara lan egitera egin dugu salto; liberazio hutsa izan da”. Kooperatiban lan eginez, taldean lan egiten ikasi dute, pertsonengan sinesten: “Jendea animatu nahi dut buruan duen ideia hori aurrera eramatera; erokeria dirudi, bai, baina hoberena da ausartzea eta igerilekura jauzi egitea”.

 Pirinioak, aukerak sortzen       

Despopulazioaren munstroak gogorki zigortu du eskualde hau ere. Aspaldidanik, herritar askok atzean uzten dute beren sorterria, aukera berriak bilatzearren. Azken urteotan, ordea, Pirinioetan lan egiteko eta bizitzeko deiadarra entzuten da mendien artean, eta hainbat proiektu sortu dira eskualdea garatzeko xedez. AIZU!k Iratiko Xakiak (Aezkoa, Auritz, Erroibar) eta Xorta garagardoa (Burgi) ezagutu ditu.
Aspaldiko ametsa betetzeko sortu dute kooperatiba Aezkoan. Naturako produktuak eraldatzeko lantegi bat eraiki nahi dute, bai eta cateringa abiatu bertako produktuekin. Poliki eta atzera egin gabe doaz aurrera. Tartean, Udalbiltzaren Pirinioan lan eta bizi deialditik 6.000 euroko diru-laguntza jaso dute egitasmoa garatu ahal izateko. “Bultzada polita izan da, sinetsarazi digu badagoela halako zerbait sortzea” diote proiektuko kide Ana Colomok, Josu Eseberrik eta Karlos Buenok.
Ametsa betetzen hasteko, Orbarako eskolako taberna hartzeko aukera izan dute. Tokiko produktuak eskaintzen dituzte jatetxeko menuan. “Garrantzitsua da jakitea zer jaten dugun” diote. “Kooperatiba martxan jarri dugunok gure lana dugu, baina helburua da lanpostu gehiago sortzea, langabezian daudenei laguntzeko, eta, batez ere, Pirinioetan lan egiteko eta bizitzeko aukerak sustatzea”. Hala, dagoeneko bi lanpostu sortu dituzte bailaran, eta cateringa zerbitzatzeko eskualdeko gazteekin osatu dute lan poltsa. “Indarrak batu behar ditugu egoerari aurre egiteko, eta behar den tokian azaleratu ideiak, bestela jai dugu”. Aurki, ostatuaren ondoan duten denda zabalduko dute, non tokiko produktuak erosi ahal izango diren. Gaurko izerdiari esker dastatuko dute biharko ogia, eta buruan dituzten ametsak erraz gauzatuko dituzte.
Filosofia berari jarraituz zabaldu dute Pirinioetako lehen garagardotegia: Burgin. Mikel Alcaraz da proiektuko kideetako bat. “Nire lagun Aritz langabezian zegoen, eta proiektu hau martxan jartzea proposatu zidan”. Alcarazek eskarmentua zuen garagardoa etxean ekoizten, beraz, gogotsu onartu zuen erronka. Hala, finantzaketa eta makina aproposak bildu ostean, garagardotegiko ateak ireki zituzten, iazko abuztuan. Alimaleko lana egin dute, baina hasi dira lehen fruituak jasotzen. “Beldurra kendu behar da, edonor da gai enpresa bat sortzeko; Pirinioetatik ere egin daiteke jauzi mundura”. Pixkana, beren merkatua zabaltzen ari dira: “Oso harrera ona izan du gure garagardo naturalak”.  

Goizueta, zerbitzuak indartzen

Herriaren garapena sustatzeko sortuko dute Goizuetan herriko lehenengo gasolindegi zerbitzugunea. Izan ere, Hernani 25 kilometrora dago, eta Leitza 20ra; inguruan, ez dago besterik. Hori dela eta, gasolina hartzeko, bi herri horietako batera joan behar dute goizuetarrek. “Herritarrek behar dute zerbitzu hau” azaldu du Unai Mirandak. Kooperatiba eran sortu dute proiektua. “Hasieratik, oso harrera ona izan du, eta 181 kide gaude orain”. Gasolindegia 24 orduz egonen da zabalik, eta bazkideek prezio berezia izango dute. Irabazi asmorik gabekoa izango da. Horrela, azpiegiturari dagozkion gastuak ordaindutakoan, herritarrek erabakiko dute nora bideratuko dituzten etekinak. “Etorkizunean, herriaren alde lan egiten duen eragile bat izatea nahiko genuke”. Zerbitzua udarako prest izatea espero dute.