“Badu zerbait modernoa tradizioak, horixe nahi dut garatu”

Maika Etxekopar (Gotaine-Irabarne, Zuberoa, 1987) Amaren Alabak taldeko kantarietako bat da, baita aktorea ere. Besteak beste, Le Petit Théâtre de Pain konpainiaren hainbat lanetan, Ederlezi eta Akitaniako Alienor pastoraletan eta Huts Teatroa taldearen Etxekoak lanean hartu du parte. Miren Tirapuren Atte hil aurretik antzezlanean zuzendari ibili da, eta Harian lana sortu du Korrika Kulturalerako, Elodie Baffalio lagunarekin batera. Halaber, 20. Korrikaren Euskararen lau aurpegi filmaren protagonistetako bat da. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Dokumentalean diozu handitzean sentitu zenuela euskaldunok herrian ezberdinak zinetela batzuentzat, xiberotarrak ez bazinete bezala.
Betidanik hartu izan dut parte herriko bizimoduan, nire bi familiak oso inplikatuak daude herrian. Dantza ikasi nuen eta saskibaloian ibili nintzen Sohütako ikastolan ez zebiltzan beste gazteekin, baina haiekin ezin nituen zenbait gauza partekatu, interesguneak oso desberdinak zirelako. Gaizki bizi izan dut ene herrian gazteak euskaldunak ez izatea, xiberotarrak dira nortasunez eta ez dakite euskararik. Areago, euskararen aurkariak dira, aski bizipen bortitza da. Herriko besten batzordean hartu dut parte, eta traumatizatuta atera naiz hortik. Idazkaria nintzen, eta bai hizkuntza aldetik, bai arte aldetik, herriko bestak ene gustukoagoak egin nahi nituen, interesgarriagoak, sorpresa batzuekin, ez betiko taldeak etorrarazi, ez betiko gauzak jan... Azkenean, ulertu nuen ez nuela deus egiterik. Ez da herri guztietan berdin, baina ene herrian frantsesa da nagusi, bertokoak lasaiago egonen lirateke denok ahantziko bagenu euskara, ezingo balitz gai hori inoiz gehiago mahai gainean ezarri; baina ez da hala, batzuk jarraitzen dugu. Maule ondoko herri ttipia da, 350 biztanle ingurukoa. Anitz maite dut leku hori arrazoi askorengatik, baina gorroto dut aldi berean, arima galdu duelako.
Egoera hobetuko ote da?
Belaunaldi bateko zenbat haur diren ikastolan, horren arabera izango da. Halere, egun, Xiberoan gero eta haur gehiago dago eskola elebidunetan. Ene aita euskara irakasle ibiltaria da, eta eskola publiko frantsesetan astean ordubete eskaintzen diote euskarari. Oso gutxi da, baina berak egiten du ahalegina haurrak ez daitezen bilaka euskararekiko alergikoak, hau da, plazera emanez, kantuak abestuz, euskararekin jostatuz, aitatxirekin eta amatxirekin kantuak ikastera igorriz... Ene herrian, aldiz, gurasoek hautatzen dute edo ikastola edo, euskararekin osoki moztuta, eskola frantsesa. Ikastolara joanda ere, ingurunea ez da lehen bezain euskalduna, eta ez da erraza euskara kalera ateratzea.
Parisen egon zinen ikasle. Distantziak euskara eta Euskal Herriarekiko ikuspegia aldatu zizun?
Bai, lehen aldiz urrundu nintzelako hainbeste. Han ikusi nuen nolako aberastasuna duen gure herriak, eta beste herri batzuk ere ezagutu nituen. Ontsa bizi izan nuen egoera, baina memento honetan Euskal Herritik urruntzen ari naiz berriz, Lyonera joan nintzelako bizitzera urrian. Espero dut ahal bezain azkar itzultzea, baina, aldi berean, espero dut han denbora tarte goxo bat igarotzea, badudalako aukera hiri handi batean bizitzeko. Halere, gaur egun, oso harreman afektiboa dut  Euskal Herriarekin, eta asko lasaitzen naiz itzultzen naizenean. Lyon handia da, dena ezezaguna dut, eta oraintxe hasi naiz hemen gauzak profesional mailan eraikitzen. Honat etortzea da egiazki nire markak aurkitzea. Gazteagoa nintzenean, errazago eman nituen bost urte kanpoan. Orain, aldiz, zaila zait beste nonbait dena ezerezetik  hastea, urruntasuna sentitzen dut.
”Ene euskara egiten ari da” diozu une batean dokumentalean...
Ene euskara anitza da, baina ez nik nahi bezain garatua. Bi hizkuntza ditut, frantsesa eta euskara, eta euskararen barnean ere badut hizkuntza bat baino gehiago: bata, Xiberoan baliatzekoa; bestea, Xiberoatik kanpo. Sentitzen dut xiberotarrarekin badudala bide anitz egiteko, eta horixe landu nahi dut. Ezagutzen ditut zahar batzuk, entzun dut zer hizkuntza polita izaten ahal den, zenbat irudi erabiltzen duten... eta enea oso berde dago oraindik. Badakit ene amamaren euskara ez dudala sekula ukanen, bera laborantza ingurunetik atera zelako, baina nahi nuke gehiago sartu mundu horretan. Berriki, Miren Tirapurekin, nafarra bera, lan egin dut, eta haren euskara hagitz maite dut, oso larria da gure euskara garbiaren ondoan. Nahiz eta gaztelaniazko gauzak sartu barnean, maite dut egiazki, hizkuntza gaztea iruditzen zaidalako, guk ez duguna. Guk lehengo hizkuntzaren aztarnak ditugu, eta egungo kontuak ukitzeko frantsesera jotzen dugu. Han, aldiz, iruditzen zait badela euskara gazte bat, inhibizio gutxiagorekin egokitu dute eta gazteek erraiten ahal dituzte gauzak. Dena den, hori ez da enea. Ohartu naiz euskaraz lan egiteko, taula zuzendaritzan aritzeko, oso gauza zehatzak erran behar direla. Hor nabil, ene lanerako hizkuntza asmatzen. Xiberoan ere ari naiz taldetxo batekin, beraz, orain asmatu behar dut xiberotarrez nola erran batuaz edo hizkuntza nazionalagoan garatu ditudan gauzak, ez baitira hitz berberak. Hori interesatzen zait, sentitzen dut beti ari naizela asmatzen, iturri batetik nahi dudalako gehiago edan, edo neuk asmatu behar ditudalako tresna gehiago gauza berriak erraiteko.
Zer da euskara zuretzat?
Barne-barnean daramadan zerbait, harro sentiarazten nauena. Gaur egun bizi garen gizarte handietan, nik gauza ttipiagoetan sinesten dut, hobeki sentitzen naiz, eta euskarak mundu ttipi bat ematen dit. Hori oso baliagarria da enetzat, beharrezkoa.
Pastoralak eta maskaradak euskal antzerkia Iparraldean indartsu dagoela erakusten dute?
Eredu horiek baditugu, gazteek badute gogoa horien errepikatzeko. Erosoa da, jadanik badugulako prest gurea den forma bat, antzerkirako erabiltzen ahal duguna. Pastorala oso osasun onean da, baita maskarada ere. Euskararen lantzeko memento bat ere badira, baina gero eta zailagoa da maskarada baten plantatzea, gazteek bakarrik hartzen dutelako parte. Aski gazte gutxi da, eta euskaldunak, gutxiago. Halere, urtero ateratzen da, gutxienekoarekin izan arren.
Kantagintzak eta antzerkiak asko dute tradiziotik Zuberoan. Zuk tradizio hori eraldatu nahi duzu?
Hagitz maite dut tradizioa. Sortzaile anitzen arrastoak ditugu pastoralaren barnean, eta hor ikusten dut oinarri bat zeinekin sortzen ahal diren gauza berriak, nahi ditudan gauzak erraiteko. Gero, beste forma batzuk ere lantzen ditut. Adibidez, Etxekoak antzezlana, aski errealista forman eta, ez da Xiberoan egiten den antzerkia, baina bai anitz maite dudan eta xiberotarrekin partekatu nahi dudan forma bat, antzerki modernoagoa. Badu zerbait modernoa tradizioak, eta horixe nahi dut garatu. 
Zer bilatzen duzu sortzean?
Enetako forma horiek guziak dira gauzen adierazteko moduak. Maite dut arteak laguntzen duenean bizitzen eta mundua ulertzen. Jendearekin kezka batzuk partekatzeko edo munduari zentzua emateko proposamenak dira. Formek balio dute horretarako, eta formak moldatu behar dira adierazi nahi dugunera. Gainera, artearen edertasun puntu hori dago, mugimenduan den zerbait.
Zure arte ibilbidea musikan hasi da, baina antzerkian zabiltza orain gehiago.
Gehienbat antzerkia lantzen jarraitu nahi dut, horretan berantago hasi naizelako. Kantua barnean dudan zerbait da, mintzatzea edo hatsa hartzea bezala, oso naturala dut. Maite dut kantatzea, baina oso harreman sinplea dut kantuarekin, ez dut ikertzen aritu nahi soinu aldetik edo, hori ez zait honenbeste interesatzen, nahiz eta oso maite dudan kantuarekin sortzen den zirrara. Antzerkian, aldiz, lan gehiago ikusten dut, enetako arte konplikatuagoa delako, barne-barnera sartzen da. Bokazio berantiarra da, nik hautatuagoa, kantua ez baitut nik hautatu, jaso egin dut. Oso baliosa zait eta eskertzen dut horren ukaitea, baina antzerkian bada landu eta ikertu nahi dudan zerbait, hor atxiki nahi dut plazera. Halere, kantatzetik ez naiz inoiz geldituko, beharrezkoa baitut. 
Miren Tirapu aktorea zuzendu duzu Atte hil aurretik antzezlanean. Harrera ona izan du...
Bai,  pozik gara! Izan ere, gauza asko da antzezlan horretan zentzu aldetik, istorioak baditu bere itzalak, eta aski konplikatua da. Guretzat jadanik gauza handia da.
Beheko Larraine konpainia sortu du Tirapuk lana taularatzeko. Elkarrekin jarraitzeko asmorik bai?
Sorkuntza prozesu honetan denbora asko eman dugu elkarrekin, gure arteko lana gozoa izan da, baina argi da Beheko Larraine Mirenen konpainia dela eta berak bere bidea eginen duela. Elkar ezagutzen dugu, badakigu elkarren laguntza izaten ahal dugula beharrik baldin bada, eta espero dut berriz ere Mirenekin lan egitea, aktore lanean anitz gustatu eta maite baitut, baita pertsona gisa ere, baina ez dakit. Uste dut baduela beste proiektu bat, baina ni ez naiz bortxaz sartzen hor. Nik ere baditut nireak garatzeko, beraz, geroak erranen du.
Zein dira aipatu dituzun proiektu horiek?
Baditut bi asmo. Bat da ene burua gehiago prestatzea antzerkian, orain arte lan egin dudalako, baina anitz ikasi gabe aurretik. Hortaz, Lyoneko egonaldia baliatu nahi dut ikastaro batzuk egiteko, gauzak pixka bat lasaiago hartzeko eta nik baino eskarmentu gehiago daukan jendearekin ikasteko. Gero, ene proiektuak ere garatu nahi ditut, elkarlana abiatu ezagutu ditudan artista on batzuekin. Badut ikusgarri baterako ideia bat, zahar etxeen inguruko zerbait, lanari gizatasuna kentzeaz, Xiberoan ditugun kezka batzuen inguruan. Azken boladan, Xiberoan izan dira bi kontu aski gogorrak: abere hiltegikoa, bata, eta Mauleko zahar etxekoa, bestea. Xiberoako industria ttipietan bada zerbait ikertzekoa, plazara atera behar dena. Xiberoan, denok oso pozik gara lan bat baldin badugu, ez dagoelako hainbeste lan, eta horrek eramaten ahal gaitu, lanaren atxikitzeko, nolanahi lan egitera. Hor lanean ari direnak ez dira gaiztoak, ni bezalako jendea da, eta, hala ere, zertara heltzen ahal den... Hori interesatzen zait, eta horren inguruan nahi nuke zerbait garatu.

KOLKOTIK
Artista ez bazina, zer?
Artzaina.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Denetik, eta uste dut banuela izarra edo kantari famatua izateko gogoa.
Zer ez duzu izan nahi orain?
Zaharra.
Zergatik ikasi euskara?
Mundu bat zabaltzen dizulako, kanpoan zein barnean.
Zenbat kilometro egingo dituzu 20. Korrikan?
Espero dut hor izatea, baina... Egitekotan, iristen banaiz, azkena!
Zer irakurri nahiko zenuke biharko egunkarian?
Iraultza dela jendeak boterea berriz hartzeko.
Liburu bat?
Xabier Amurizaren Hil ala bizi.
Musika talde bat?
Karidadeko Benta.
Zerk ematen dizu beldurra?
Gauzak gaizki egiteak, hanka sartzeak.
Zerk eragiten dizu negar?
Gauza askok, kar-kar! Gauza ederrek, adibidez.
Eta barre?
Jendea erortzen denean, kar-kar!
Zerk ematen dizu lotsa?
Jendeak ikustea nolakoa naizen nire buruarekin bakarrik naizelarik.
Zer ez da inoiz falta zure etxeko hozkailuan?
Gurina, eta kanpoan arrautzak.
Larunbat gauerako planik onena?
Dantza asko egitea; ahal bada, zuzeneko musikarekin.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Ibili.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Ene sudur handia, kar-kar! Eta ezezagun bat.
Irratia ala musika autoa gidatzeko?
Irratia.
Nola ikusten duzu zure burua 20 urte barru?
Ufa! Ahal balitz, pausatuago.
Hitz batean, nolakoa da Maika Etxekopar?
Xantzaduna!