‘Miss Karaoke’, antzerkigintza berrian barrena

ikusgarri

Umore, absurdo, poesia bisual eta “performance arimaren” bidetik, identitateari buruzko gogoeta bultzatuko du Miss Karaoke antzezlanak, Metrokoadroka Sormen Laborategiak Pez Limbo konpainiarekin elkarlanean sorturiko lanak. DSS 2016ko Dramaturgia berriak deialdiaren baitan idatzi zuen Oier Guillanek, eta Gasteizko Principal Antzokiak ekoitzi du. Hain zuzen, hiri horretan estreinatuko dute apirilaren 5ean. Guillan bera da zuzendaritza artistikoaren arduraduna, Javi Barandiaran eta Metrokoadrokako kideekin batera. Oholtza gainean, berriz, Javier Fernandez, Unai Lopez de Armentia, Marina Suarez Ortiz de Zarate eta Iñaki Ziarrusta aktoreak izanen dira. Apirilaren 5eko estreinaldiaren ostean, Donostiako Antzoki Zaharrean ikusi ahal izango da, maiatzaren 13an.


izturitzMUSIKA, literatura eta zinema uztartu ditu Beñat Goitia gasteiztarrak Isturitzetik Etiopian Barrena diziplina anitzeko ikuskizunean. Isturitzetik Etiopiarako, “desparadisurako, deserturako; finean, heriotzarako” bidaian, kantuak, hitzak eta irudiak batu ditu. Literaturaren esparruan, Joxanton Artzeren Isturitzetik Tolosan barru eta Bernardo Atxagaren Etiopia lanak izan ditu oinarri. Musikan, Goitiaren gitarrak eta Adrian Puck Dj gasteiztarraren musika elektronikoak bat egin dute. Zinemari dagokionez, Aitor Zarzuelo lasartearrak ikuskizun honetarako propio sorturiko Desparadisua film laburra da protagonista. Iragan martxoaren 23an aurkeztu zuen ikuskizuna, Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean. Aurrerantzean, emanaldi gehiago eskainiko dituzte, datak zehaztu ez dituzten arren. Hitzorduen berri Facebooken jaso ahal izango da, ikuskizunaren izena daraman orrialdean.

 

 

LABURREAN

ARTEDRAMA, Dejabu Panpin Laborategia eta Le petit Théâtre de Pain taldeek elkarlanean sorturiko Francoren bilobari gutuna antzezlanak irabazi du XVII. Donostia An-tzerki Saria. Martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, jaso zuten saria irabazleek. Besteak beste, “sorkuntza lan bikaina” egin dutela nabarmendu du epaimahaiak, baita gaiak lantzerakoan ikerketa lan sakona egin dutela ere. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak emaniko sariari esker, Iñigo Manterolaren eskultura eta 12.000 euro eskuratuko dituzte bi epetan. Bigarrena jasotzeko, baina, euskarazko antzerki lan berria aurkeztu beharko dute Donostian, 2019. urtea amaitu aurretik.


bertsomobidaMARTXAN DA Bertsomovieda 2017 lehiaketa, Beasaingo Arrano Kultur Elkarteak bertsoaren eta irudiaren jiran antolatzen duen txapelketa. Ohi bezala, baldintza gehiegirik ez da bete behar, nagusi eta bakarra baitago: gutxienez bertso bat eta bideo bat uztartzea. Hortik aurrera, bakarka edo taldeka, sortzea libre: nork bere bertsoak baliatuta, besterenak erabilita, bertsoklipak... Hori bai, gutxienez 7 segundo iraun behar dute. Apirilaren 23tik maiatzaren 4ra arte aurkez daitezke lanak. Ondoren, maiatzaren 5etik 12ra sarean izango dira ikusgai, eta ikusleek gustukoenak bozkatu ahal izango dituzte. Guztira, 2.500 euro banatuko dituzte saritan seigarren edizio honetan. www.bertsomovieda.com guneak biltzen ditu xehetasun guztiak.