Forushande

forushande

Zuzendaria: Asghar Farhadi. Gidoia: Asghar Farhadi. Aktoreak: Shahab Hosseini, Taraneh Alidoosti, Babak Karimi, Mina Sadati. Iran-Frantzia, 2016.

Istorioa: Teheranen bizi dira Emad eta Rana senar-emazteak, apartamentu batean. Lan batzuen eraginez, alde egin beharrean dira, etxea erortzeko arriskua dagoelako. Beste pisu bat topatuko dute, baina aurreko maizterrarekin lotutako gertakari batek erabat aldatuko du bikotearen bizitza.
Zuzendaria: Egun, Irango zinema zuzendari garrantzitsuenetakoa da Farhadi, edo garrantzitsuena, agian. Bere lanak ohikoak dira zinema jaialdietan. Ez dira, gainera, oharkabean pasatzen. Berlinen eta Cannesen, hainbat sari jaso izan ditu, eta bi Oscarren jabe ere bada. Hain zuzen, Forushande filmari esker irabazi du aurten bigarrena.
Onena: Espanturik gabe, sotilki garatzen eta azaltzen ditu gizakiaren tolesak, eta sotilki erakutsi, era berean, Irango (Teheran esatea zuzenagoa izango da) gizartearen zenbait alderdi. Hitzak, begiradak, keinuak... aski ditu ikuslea ezinegon betean jartzeko.
Txarrena: Pasarteren batean, ezinegona ezin egona bilakatzen da. Hau da, uneren batean aspertzeko zirrikitu ñimiñoren bat suma daiteke, baina azkar asko ixten da, behintzat.
Eñaut Mitxelena