Jexuxmai Lopetegi

lopetegi

Bat-Hiru (Mikel Laboa)
Disko bikoitz bikaina. Kanta ederrak, poesia berria (Joxan Artzerena). Kantu esanguratsuak azaltzen dira lan luze honetan. Gurean, entzunaren entzunaz, diskoak hondatu egin ziren eta bi aldiz erosi behar izan genuen bilduma.
Dabilen harria (Ruper Ordorika)
Disko honetako kantu ezagunena Martin Larralde da, baina disko osoa da bikaina, takada batean entzuten den horietakoa. Ruperren soinu modernoaren adierazlea. Musikari laguntzaileak, hiru amerikar, gitarra, baxu eta baterian: Ben Monder, Skuli Sverrison eta Kenny Wollesen. Horien lana errepikaezina iruditzen zait. Gailur bat euskal diskogintzan.
Atlantic River (Juan Carlos Perez)
Itoizetik aparte lan ugari egin ditu J.C. Perezek, baina disko hau ere gurean beste gailur bat dela esango nuke. Haize-instrumentuekin egindako konponketak bikainak dira. Eta diskoa ixten duen kanta, Urrearen bila, luzaroan geratu zitzaidan iltzatuta.