PiLT, sartu-irten laburra maiatzean

Pilt

PiLT taldeak kontzertu bira laburra prestatu du hurrengo maiatzerako: hilaren 5ean, Bilboko Kafe Antzokian joko du; 6an, Iruñeko Totem aretoan; 12an, Tolosako Bonberenean; eta 13an, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Badirudi Ibilaldian ere izango direla, komunikatuan adierazi baitute eskerrak eman nahi dizkietela bueltatzeko eskatu dien “jende guztiari eta, bereziki, Mungiako Ibilaldiaren antolakuntzari, aspalditik buruan bueltaka generabilena gauzatzeko eman digun azken akuilukadagatik”. Hamar urte baino gehiago joan dira taldea agertokira azkenekoz igo zenetik, eta kideak hainbat proiektutan murgilduta ibili dira ordutik. Horietan jarraitzen duten arren, udaberrikoa euren “bideak berriz gurutzatzeko” une egokia dela deliberatu dute. Ez omen dute arrazoi berezirik horretarako, baina erabaki honek eskainiko du parada PiLTn ibilitako taldekideak elkarrekin ikusteko: Rafa Rueda, Aitor Abio, Jose Manuel Sampedro Xanpe, Txarlie Solano eta David Gonzalez, musikak bizi dituela erakusteko gogotsu.


ahobeteAHO BETE DOINU #2 liburua kaleratu du Entzun!ek, Aho Bete Doinu argitaratu zenetik 15 urtera. Bitarte horretan “Internetek musika ekoiztu, banatu, sustatu eta profesionalki ustiatzeko formulak irauli” dituela iritzita, Baionan, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean antolatutako mahai-inguru banatan jasotakoak bildu dira ale honetan. Musikarekin era bateko edo besteko lotura duten hamabost lagun elkarrizketan, tartean direlarik Joseba Irazoki, Odei Barroso, Marta Alotalgirre, Jurgi Ekiza, Jon Basaguren, Pauline Guelle, Unai Lobo edota Makala. Hortaz, hausnarketa ariketa baten emaitza da argitalpena, zuri-beltzezko argazkiz hornitua, euskal musikaren panorama ezagutu eta argitzeko ekarpena egitea helburu.

 

sanjuanIZARRIK GABEKO ZERUA
Igor San Juan
Gaztelupeko Hotsak, 2016

San Juanek bere buruaz esaten du melodiak, harmoniak eta hitzak uztartuz jolastea gustuko duen kantu egilea dela. Haren kantuak hainbat estilo  eta  erritmotara  egokitzen dira (blues, bossanova, swing, pop-rocka...), baina barren-barrenean pop musikaren esentziari eusten diote. Bederatzi kantu bildu ditu lehen disko honetan, tartean Georges Brassensek sortu eta Xabier Letek euskaratutako Saturne abestiaren bertsio bat, be bop moldaketekin. Jon Benito, Gerardo Markuleta eta Jon Sarasuaren zenbait poema ere musikatu ditu.

gariESTUTU
Gari&Maldanbera
Elkar, 2016

Garik proposamen poetiko eta artistikoa kaleratu du, proposamen ia plastikoa. Pop kutsuko estiloan leuntasun handiz jositako diskoa zazpi kantuz osatua dator. Presarik gabe ondutako lana kaleratu du Garik, forman eta edukian deigarria izango zen zerbait atera nahian. Maldanbera bandarekin jardun du lanean, hots, Natxo Beltranekin (bateria), Oier Aldekoarekin (teklatuak) eta Miguel Moyanorekin (gitarra eta teklatuak). Hitzei dagokienez, mezuak zuzen bota ditu legazpiarrak. Ekoizpena eta grabaketa We Are Standard-eko Jon Agirrezabalagaren esku egon dira.