Puntaren puntan

ezlekuakEzlekuak
Lisabö
Bidehuts, 2007

Bidehuts zigilua albiste izan da arestian hedabide ugaritan, hamargarren urteurrena ospatzen ari delako. Ohiko diskoetxea baino gehiago lagun taldea den egitasmo eder honek hamar urteotan ekarri dizkigun lan interesgarri guztiak gogoan hartzeko abagune egokia dugu urtemugarena. Guk Bidehutsen lehenengo erreferentzia aukeratu dugu, zigiluak plazaratu zuen estreinako diskoa: Lisabören Ezlekuak. Disko hau kaleratu zutenean, Irungo taldekoak ez ziren hasiberriak (haien bosgarren lana dugu hau), eta bost urteko isilaldi batetik zetozen: hala ere, fresko, indartsu eta sormen handiaz agertzen zaizkigu hemen. Lisabö ez zen inoiz izan masak mugitzen zituen taldea (egiten zuten musika mota ez zen horretarako egokia, eta ziur nago taldekideen helburua ere ez zela hori), baina aditu askok, Euskal Herritik kanpo ere, punta-puntako taldetzat zuten, eta, zenbaiten ustez, Ezlekuak urte hartako diskorik onena izan zen. Ez da harritzekoa.
Gotzon Hermosilla