Elur bustia

elurPello Lizarralde
Erein, 2016

C1 maila

"Zakurra industrialdeko errepidea zeharkatzen hasi zen eguzkipean. Azken pabiloiaren pareko zabortegitik jaitsia zen, eta asfaltoa zapaldu eta gero burua makur, mingaina kanpoan jarraitu zuen, kemen apurrak hurrengo urratsean jarrita. Handik metro gutxira gizon bat zeukan begira, baina arratsaldeko eguzki zuriaren zamak hari erreparatzea eragotzi zion".
Horrelaxe hasten da Pello Lizarralderen Elur Bustia eleberria, 2016ko 111 Akademiaren sarirako finalistetako bat. Onkeriarik eta sentimentalkeriarik gabe, baina gordin, lan honek pobreziaz eta bakardadeaz hitz egiten digu.
Txakur hari begira aurkezten digun pertsonaia da eleberriko protagonista. Bere izena baizik ez dakigu: Ramiro. Bere izena eta, txakur harena bezala, bizitza txakurra dela berea. Lan bila iparraldera joan da, nonbait, baina lanak huts egin dio eta etxera bueltan doa familiarengana, hegoaldera. Batere bitartekorik gabe doa, auto-stop eginez eta oinez, uzkur eta mesfidati, hilabeteko joanean. Bere ibilian, bakardadea eta pobrezia modu bortitzean sufritzen ditu Ramirok, batez ere hiri batean sartutakoan. Hango zalapartak eta azantzak bere bakardade horrekin talka egiten dute, eta inguruan suma daitekeen bortizkeriaren biktima erreza da Ramiro. Komeni da argitzea, halere, eleberrian ez dela azaltzen guk egunero, gure bizitzan, inguruan daukaguna baino bortizkeria handiagorik edo latzagorik. Baina askoz okerragoa da Ramiroren egoera berean dagoen jendearentzat. Hortaz jabetzea da gakoa.
Igor Elordui Etxebarria