Euskararen erabilera sarean, kalekoaren pare

klikatuz

PuntuEUS Behatokiaren arabera, Euskal Herriko 18.317 webgunek dute edukiren bat euskaraz. Hots, Euskal Herriko webguneen % 13k erabiltzen du euskara. Horrenbestez, euskararen sareko erabilera kalekoaren azken neurketako emaitzen pare dago. Hori bai, .eus domeinua dutenetan askoz hedatuago dago euskara: horietan, % 90ekoa da euskarazko edukia duten webguneen kopurua; gainontzeko ia guztietan, berriz, % 20tik beherakoa da (.org domeinudunetan izan ezik: % 34k dute euskarazko edukia). PuntuEUS Behatokiak bigarren urtez jarraian aztertu du Interneten egoera Euskal Herrian, .eus domeinuaren garapenari eta euskarak Interneten bizi duen egoerari arreta ipinita. Hala, datu gehiago ere jakinarazi ditu. Esaterako, 2016. urtea 6.302 domeinu izenekin amaitu zuela .eus-ek. Hau da, euskarazko edukiak dituzten webguneetan, hirutik bat .eus da. Emakumeek Interneten duten presentzia ere neurtu dute, eta emaitza onik ez dute jaso, oraindik ere txikia delako: .eus domeinua erregistratzen dutenen % 25 besterik ez da emakumea. Datu guztiak eta xehetasun askoz gehiago http://behatokia.domeinuak.eus gunean kontsulta daitezke.


blogetanEUSKARAZKO blogen egoera, beharrak, garatu beharreko estrategiak eta blogen inguruko beste hainbat gai jorratuko dituzte, martxoaren 30ean, Bilboko Euskararen Etxean, Euskal Blogarien 2. Topaketan. Azkue Fundazioak Argia aldizkariaren laguntzarekin antolatutako jardunaldian, hainbat hitzaldi eta mahai-inguru egingo dituzte, gaian adituak diren hizlari eta parte hartzaileen eskutik: Ion Turrillas, Urtzi Odriozola, Gorka Julio, Aida Solores... Hitzaldi eta solasaldiez gain, Azkue Fundazioak blogintzari buruz euskal erabiltzaileen artean azken asteotan eginiko inkestaren emaitzak ere ezagutaraziko dituzte. Topaketak balioko du, halaber, euskarazko blogik onenak zein diren jakiteko. Izan ere, ekitaldiaren amaieran, Blogetan! Euskal blogariak lehiaketaren bigarren edizioko sari banaketa egingo dute. Informazio guztia www.azkuefundazioa.eus gunean.

LABURREAN

LITERATURA Unibertsala bildumako 60 liburu jendearen eskura paratu ditu EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburuordetzarekin lankidetzan. Eliburutegia plataforman (http://www.eliburutegia.euskadi.eus-eko Jabetza Publikoa atalean, 2017ko argitalpenak azpiatalean) topa daitezke, ePub formatuan, doan eta epemugarik gabe deskargatzeko moduan. Creative Commons lizentziapean argitaratu dituzte. Literatur itzulpengintzaren ondarea biltzeko eta Literatura Unibertsala bilduman argitaraturiko lanek bizirik jarrai dezaten sareratu dituzte izenburu horiek guztiak.

uberanSAKELAKOAN ere erabilgarri da Hitzen Uberan euskal literaturaren eta sormenaren ataria, EIE Euskal Idazleen Elkarteak sustaturiko aplikazioari esker: Hitzen Uberan APP. Atariko atal eta edukiak biltzen ditu aplikazioak: Agenda, Albisteak, Elkarrizketak, Erreportajeak, Amuak eta Bideoak. Doakoa, oraingoz Android bidezko gailuetan baino ezin da erabili. Ondorioz, Google Play-n dago eskuragarri. Nolanahi ere, iOS plataformetarako ere prestatuko dute.