Zenbat gara?

Ai, Internet! Ekarri dizkigun gaitzen artean, handienetako bat da den-dena xehetasun milimetrikoarekin kuantifikatzeko, zenbatzeko, aukera. Aukerarekin batera, noski, beharra ere bai. Pentsa hedabideekin zer gertatu den: lehen, aldizkari baten neurria erraz asko izan zitekeen “Aizu, nik 3.500 ale inprimatzen ditut zenbaki bakoitzeko!”. Orain, datu horrek ez du ia ezertarako balio, inprentako faktura egiteko ez bada, noski! Gaur egun, kontua da zenbat erabiltzaile sartu diren zure webgunean, zenbat aldiz sartu den haietako bakoitza, zenbat orrialde ikusi dituen webgunearen barruan, zenbat denbora eman duen hor klik eta klik, eta zenbat klik egin dituen denbora horretan, beste norabaitera joan aurretik...
Kuantifikazio milimetrikoaren garai honetan, beste errepika klasiko batzuek ere ez dute balio handiegirik: “Ai, euskaldunok oso gutxi gara, baina oso aktibo gabiltza Interneten, e?”. Tira, tira, zenbat da “oso aktibo Interneten?”.
Horri buruz, azken asteotan argitaraturiko zenbait datuk pista txikiren bat eman diezagukete. Adibidez, ondoko albistean leituko zenuten moduan, PuntuEUS Behatokiak esan digu Euskal Herriko webgune guztietatik 18.317k dutela edukia euskaraz. Hara! Zenbaki potoloa, gero!
Tira, edo ez hainbeste: 18.317 horiek Euskal Herrian dauden webgune guztien % 13 dira. Asko da hori? Gutxi? Oso zaila egiten zait zenbatestea. Datuari tamaina hartzeko, hona hemen bi ideia kontrajarri.
Batetik: jakin beharko genuke euskarazko edukia duten webgune horietatik zenbat diren legezko betebeharra duten erakunde publiko eta parapublikoen guneak. Edo, bestela esanda, zenbatek egin duten euskararen aldeko hautu ‘espontaneoa’. Horixe bai litzateke datu esanguratsua.
Bestetik: tira, Internetez ari gara. Webguneetako asko enpresenak izango dira, eta enpresa batek webgune bat jartzen duenean, sarritan nazioarteko merkatuari begira egiten du. Ideia hori ‘aringarri’ bat izan liteke kopurua txikia ala handia den erabakitzeko orduan.
Edonola, bitxia da datua: Interneteko euskararen erabilera, % 13koa, bat dator kale neurketetan atzeman denarekin. Tira, behintzat ezin esan koherenteak ez garenik!

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/bx365
Albistea, bideoz jasotako solasaldi mamitsua eta guzti, Berriaren webgunean

https://labur.eus/ybhH2
Debagoienako Goiena astekariaren ikuspuntua

https://labur.eus/388mt
PuntuEUS Fundazioak berak zabaldutako informazioa