Hantxe behean, zu

julenJulen Gabiria

Jakin-gose hutsagatik idatzi dut bilatzailean Felix Baumgartner austriarraren izena, zertan ari ote den geroztik, duela lau urte eta erdi espaziotik salto egin eta berriz ere lur hartu zuenetik. Zer den, gero, lurrera heltzea; nola berdintzen gaituen horrek erdipurdikerian; ezer liluragarririk ez du geroztik haren bizimoduak: helikopteroak pilotatzen ditu, eta auto-lasterketetan ere aritzen da; Austrian “diktadura moderatu” batek agintzea nahi luke; liskarra izan zuen kamioi-gidari batekin; orduko neska-lagunak utzi egin zuen eta gero beste batekin elkartu zen; Suitzara joan zen bizitzera diru kontuengatik... estratosferan gertatzen ez diren gauzak, alegia. Hori gutxi ez eta Alan Eustace izeneko gizon batek errekorra kendu zion gero.
Edonola ere, berarekin gogoratu naiz badakidalako gero eta zailagoa egingo zaidala gauzekin harritzea, bere jauziarekin harritu nintzen bezala, zortzi urteko ume bat harritzen den moduan: ez egun bateko harriduraz, baizik jakinda zirrara horrek betiko iraungo duela. Esate baterako, burura berehala datorkit zirrara bat, duela 32 urtekoa, 12 urte nituenekoa, gertakari tragiko berean bi izen elkartzen dituena: Nevado del Ruiz sumendia eta Omayra Sánchez neskatoa. Ez dut Wikipediarik behar horretarako. Umeen hasiera-hasierako txundidura hori, mugarri izan ohi dena onerako edo txarrerako, gero eta zailagoa izango da, eta hori dagoeneko erabat galdu ez badugu.
Felix Baumgartner. Ordubete, bi ordu, zenbat denbora eman nuen arratsalde hartan telebistari begira? Gorantz zihoanean, hankak dingilizka zituenean, beherantz zihoanean. Hantxe behean mundua, hantxe behean ni ere, auskalo non, baina hantxe, etxe bateko telebistaren aurrean, arnasari eutsi nahi baina ezin kontrolatuta, jakinaren gainean badaudela gauza inportanteagoak, injustiziak nonahi hantxe behean, ez zela bidezkoa halako huskeriekin hunkitzea, baina gizon bat salto egiteko prest eta zu hantxe behean, umetatik sentitu gabeko harridura sentitzen. Elkarbizitza jokoan, eta zu, berriz, betiko iraungo duten bertso ttikietan.