ARRASATE EUSKALDUN DEZAGUN ELKARTEAk

aed bertan behera utzi du momentuz Jokin Zaitegi sariketa. Arrazoia finantzazio falta izan da, Kutxa Fundazioak urtetan eskainitako diru-laguntza ez ematea erabaki zuelako 2012ko abenduan. Sariketak urte bakoitzeko Literatura Nobel saridunaren lana euskaratzea du helburu eta, bide batez, Jokin Zaitegi idazle eta itzultzaile arrasatearra eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahalegina omentzea. AED beste diru iturri batzuk bilatzen saiatu da, besteak beste, Nobel-truk ekimenaren bidez 50 euroko diru ekarpenak eskatuz euskaltzaleei, baina ez da aurreikusitako kopurua lortu. Hala ere, elkarteak argi utzi du erabaki honek ez dakarrela berarekin sariketaren desagerpena. Aitzitik, gogor saiatuko da hurrengo hiletan ekimenari eutsiko dioten laguntzaile berriak lortzen, 2014ko udazkenean berriro abian jarri ahal izateko.