Eskerrik asko!

omenduak

Pentsatzen jarrita, ikaragarria da Korrikaren sortzaileek egin zutena. Azkenean, egia izango da askotan esan ohi dena, goseak irudimena bizkortzen duela, alegia. Diru premia larriaren ondorioz pasa den mendeko 80ko hamarkadaren hasieran asmatutako ekimen hura euskararen alde egiten den ekitaldi jendetsuena da XXI. mendean. Are gehiago, euskararen lurraldetik harago mundu osora zabaldu da, euskaldunok munduratu egin garen heinean, eta beste hizkuntza gutxitu batzuek eredutzat hartu eta ideia kopiatu dute, nork bere erara. Nola ez zuten mereziko, bada, omenaldia? 20. Korrikak bi mila kilometro baino gehiagoko ibilbidean eskainiko die aitzindari haiei, eta pasa den otsailean ere omendu zituen Irungo Ficoban egindako ekitaldian. Zergatik? Bada,  AEK-k Euskal Herri osoan tinko jarraitzea ahalbidetzeaz gain, bete-betean asmatu zutelako euskararen sustapenerako tresnarik hunkigarrienetakoa sortzen. Eskerrik asko, beraz! Mila esker Euskal Herri euskaldunagoa lortzeko ametsa gertuago jarri zenutelako!