Hegaztiak

txepetxaHirietako zaratak txepetxen kantuari eragiten dio

Jakina da hirietako gehiegizko zaratak ondorioak dituela gizakiengan eta animaliengan, horren inguruan eginiko azterketen arabera. Esaterako, zarataren eraginez, zenbait txori eta hegazti espeziek beren kantua aldatu izan dute: hirian edo landa eremuan bizi, espezie bereko animaliek kantu desberdina izan dezakete. Oraingoan, txepetxari (Troglodytes troglodytes) antzeman dio portaera hori Salamancako Unibertsitateko (Espainia) ikertzaile talde batek. Hirietako zaratak txorien kantuan duen eragina aztertzean erreparatu diote txepetxaren kantuaren aldaketari. Hirietako txepetxen kantua konplexuagoa da: landa eremuetakoena baino frekuentzia altuagoak dituzte, eta nota luzeagoak. Antza, tonu baxuenak luzatzen dituzte. Hirietako, eremu periurbanoetako eta landa eremuetako txepetxen kantua aztertu dute ikerketan. Guztien artean, hirietakoen kantuan nabaritu dute aldaketa handiena. Eremu periurbanoetakoen kantuaren konplexutasuna ere zertxobait aldatu da, baina ez hirietakoena bezainbeste. Orain, ikertzaileek jakin nahi dute zergatik bilakatu diren kantuak konplexuagoak. Izan ere, zenbait espeziek beste modu batean jokatzen dute gehiegizko burrunbaren aurrean. Gizakiok, esaterako, altuago hitz egin ohi dugu. Zaratari, zarata gehiago. Nork ez du hori inoiz egiaztatu?