Ingurumena

kilkerKilker hotsak mututu egingo al dira Europan?

Giza jardunaren ondorioz, Europako txirrita eta matxinsalto espezieen laurdena baino gehiago arriskuan dago. Nekazaritza intentsiboak edota turismoak, esaterako, desagertze bidean ipini dituzte, IUCN Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak jakinarazi duenez. Espezieen desagertze arriskua aztertu ohi du IUCNk, ondoren informazio horrekin animalia mehatxatuenen zerrendak osatzeko. Orthoptera intsektu ordenako (horren parte baitira kilker zein matxinsaltoak) 1.082 espezie ikertu dituzte, bi urtez, IUCNko 150 ikertzailek baino gehiagok. Ondorioztatu dutenez, Europan endemikoak diren 739 espezieetatik 231 arriskuan daude. Hau da, % 31. Oraindik ez dute espezie bakar bat bera ere desagertutzat jo Europan. Halere, sei “ziurrenik desagertuak” daudela uste dute. Europan, hegoaldean dago kilker eta matxinsalto espezieen aniztasunik handiena. Eskualde horietan, baina, turismoa oso garatua dago, eta horrek kalte handia egiten die intsektuoi. Batez ere, euren habitatak suntsitzen dituztelako. Nekazaritza eredu intentsiboek ere arazo bera eragiten diete. Ikertzaileen ustez, irtenbide bakarra da onik geratzen diren ekosistemak babestea eta, horrekin batera, Europako Batasuneko nekazaritza politikak aldatzea, nekazal jardun industrialak tradizionalagoekin ordezkatuta.